"Euskara, bizikidetzarako elementu estrategikoa" - Irati Iciar Madinabeitia

Euskaraz bizitzeko nahia Bizkaian oso bizirik dagoelako, nahi hori elikatu, saretu eta zaintzen jarraituko dugu, tokiko eragileekin batera elkarlanean. Euskara biziberrituz gizarte hobe bat sortuko dugulako, euskara bizikidetzarako elementu garrantzitsua, estrategikoa, dela sinetsita gaudelako, gizarte gisa garatzeko ezinbestekoa.

Irati Iciar Madinabeitia - Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria

Irati Iciar Madinabeitia - Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria

Euskaltzaleen Topagunea  euskararen erabileraren sustapenerako lan egiten duten herrietako elkarteen federazioa da. Euskal hiztun komunitatea euskaraz bizi ahal izateko tresnak sortzen ditugu, euskararentzako espazioak eta funtzioak irabaziz. Euskara elkarte eta euskaltzale taldeok osatzen dugun mugimendu zabala gara,  mota askotako egitasmoak antolatzen dituen gizarte mugimendu askotarikoa, Euskal Herri mailan zein herri eta auzoetan jendartearen parte hartzea ardatz duena.

Baikortasun kritikoa bidelagun, ikuspegi positiboz eraldatzen dugu inguratzen gaituena. Etengabeko berrikuntza dugu ardatz eta uneoro erronka berriak begitantzen ditugu. Tokikotasuna oinarri, geroz eta zabalagoa den komunitate trinko, ahaldundu eta saretua gara. Bestelako hizkuntza eta kultur komunitateekin zubiak lantzen ditugu, zaintza eta parekidetasuna helburu. Bizikidetza dugu oinarri lan-arlo ezberdinetan, euskaratik eta euskaraz lanean baina hizkuntza eta kultura aniztasunarekiko konpromisoan.

Bizkaian, 18 elkarte dira Topaguneko bazkide, euren eremuetan askotariko egitasmoak antolatzen dituztenak, askotariko lan-arloetan: aisialdi programak, mintzapraktika, tokiko komunikazioa, kultura eta kirol arloetako eskaintzak, etorri berrientzako harrera programak, sentsibilizazio eta motibazio ekimenak... Herriko euskaltzaleak, elkarte baten inguruan artikulatu eta aktibatuta, modu boluntarioan aurrera eramaten dituzte ekimen hauek, zenbait kasutan, beharrizana eta aukera dagoenetan, koordinaziorako dedikazioa duen kide baten -edo batzuren- laguntzaz.

Herritar hauen lan boluntarioak baditu modu eta erritmo ezberdinak: elkarteen egituretan (batzordeak, lantaldeak...) edota egitasmo jarraietan parte hartuz, aktibazioa iraunkorra da. Baina, gehienek, aldika eta ekintza konkretuen bidez parte hartzen dute euskara biziberritzeko mugimenduan, hala nola Euskaraldia, ‘’Haurren aurrean helduok heldu’’, sentsibilizazio programak, Gaitu kanpaina, Euskararen Eguneko ekintzetan... eta abar.

Bizkaiko errealitate soziologiko, soziolinguistiko eta demografikoa askotarikoa da, eta argi dago, lekuan lekuko herritarrak eta horiek osaturiko sareak direla motorea tokiko euskararen biziberritzearen mugimenduan. Dagoeneko artikulatuta eta bizirik dauden elkarteez gain, euskaltzale boluntarioen egiturarik ez dagoen Bizkaiko herri eta eskualdeetan, horien sorrera sustatzea gure erronketako bat da, bestelako eragileekin batera, gizarte kohesio eta bizikidetzan eragiteko.

Aurrera begira, euskararen biziberritzearen etorkizunean, euskararen erabileran dago erronka. Jauzi hori emateko gizarte eraldaketa beharrezkoa izango da, eta horretan Bizkaiko gizarte osoak dauka lekua, zeregina, zeresana, ardura eta eskumena. Euskalgintza eta euskararen mundutik aparteko eremuetako eragile sozialekiko lankidetza ezinbestekoa izango da, euskararen erabileran jauzia eman nahi badugu. Elkarrekin, batera egingo dugu jauzia.