EUSKARALDIA: elkar mugituz egingo dugu

Ia zortzi urte igaro dira Euskaraldiaren lehen ediziotik, euskararen erabilera handitzea xede duen ariketa sozial masiboena jaio zenetik.

Goiatz Urkijo Castañares

Goiatz Urkijo Castañares - Euskaraldiko koordinatzailea

Hiru edizio, zortzi urte, 400dik gora herri antolatzaile, 6.000 entitate parte hartzaile eta milaka ahobizi eta belarriprest geroago, Euskaraldia jendartean finkatu eta egonkortu dela esan dezakegu. Ezaguna da ariketa soziala, baita honek bultzatzen dituen hizkuntza praktikak ere. Izan ere, zifrak aipatzea erraza bada ere, alde kualitatiboa da Euskaraldiaren ekarpenik garrantzitsuena eta esanguratsuena.

Euskararen erabileran eragiteko daukagun tresna-bide-modu masiboena da Euskaraldia, munduan ez da halako ekimenik inon eta inoiz antolatu. Eta gainera, eraginkorra dela frogatuta dago. Ez da kanpaina edo festa bat; ariketa soziala da, erronkan jartzen gaitu. Ezinbestekoa da, baina ez nahikoa.

Euskaraldiaren hiru edizioen inguruan egin diren ikerketek argi erakutsi dute Euskal Herri osoan milaka eta milaka herritarrek beren hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararako jauzia eman dutela Euskaraldiari esker: familian, lagunartean, lantokietan nahiz ezezagunekiko harremanetan. Ezagun zein ezezagunekin lehen hitzak euskaraz egitea ohikoagoa bihurtu du Euskaraldiak, ariketetan parte hartu duten herritarren bidez; ulertzen dutenen artean elkarrizketa elebidunak izatea posible dela azaleratu du, eta herritarren arteko adostasunak bultzatu ditu horretarako, ariguneen bidez. Euskal Herrian euskaraz eroso aritu ahal izatea pertsonen nahia eta eskubidea direla ikusarazi du, eta eskubide hau betetzeak gizartea berdinago, enpatikoago eta konplizeagoa egiten duela.

Euskarak nazio mailako ekimen masiboak behar ditu, denok batzen eta mugitzen gaituztenak. Baina horrekin batera, euskarak mugimendua behar du. Euskaraz hitz egin eta bizitzeko aukerak eta baldintzak biderkatzeko, bultzada herritar indartsu bat behar dugu, mugimendu indartsu bat. Milaka eta milaka pertsona ari gara, aldi berean, Senperen, Lizarran eta Bilbon. Pentsa, 320.000 herritar baino gehiago gara Euskaraldian noizbait parte hartutakoak. Batu egiten gaitu nahiak, aldarriak, erronkak. Elkar indartzen ari gara, elkarrekin eragiten, gizartea eraldatzen.

Aktibazio horri erreferentzia egiten dio aurtengo maiatzaren 15etik 25era bitarte egingo dugun laugarren edizioaren leloak: elkar mugituz egingo dugu. Mugimenduari, emozioei eta batak bestearengan dugun eraginari egiten die erreferentzia. Izan ere, euskaraz hitz eginez, batak bestea mugitu egiten du, eta besteak bata, hizkuntza inertziak eraldatuz. Lehen hitzetik euskaraz eginda edo ahal den guztietan euskara erabilita, mugitu egiten ditugu solaskideak, eta jendartea bera. Interakzio bakoitzak euskararen erabilera handitzen du, eta milaka eta milaka pertsonek batera eginda, efektu biderkatzailea lortzen dugu.

Horregatik, ez dugu nahi Euskaraldia egun jakinetara mugatzen den ariketa soziala izatea soilik. Euskararen erabilera aktibatuko duen mugimendua sortu nahi dugu, kaleko euskalgintza, euskaldun eta euskaltzaleak mugiarazi, dinamika soziala indartu. Euskal Herri osoan, euskararen erabilera pizteko prest dagoen jendea batu, trebatu, antolatu eta dinamika indartu nahi dugu. Horrek esan nahiko baitu Euskaraldiaz haratago ere badela indar eta gogo bat euskara gure egunerokora gehiago ekartzeko.

Euskal Herriko gizarteak erakutsi du, urte luzetan, euskararen aldeko hautua egin nahi duela, euskara gehiago entzun eta erabiltzeko prest dagoela. Bada ariketa honek hori lortzeko oinarriak jartzen dizkigu, denok batera, indarrak batuz, batak besteari lagunduz, modu hausnartuan hizkuntza gehiago erabiltzeko joko-arauak proposatzen dizkigu.

Beraz, lagunok, zer izango zarete zuek, ahobizi edo belarriprest? Erabaki duzue jada? Bada, eman izena www.euskaraldia.eus gunean sartuta, jaso txapa zuen herri edo entitatean, eta maiatzaren 15etik 25era txapa soinean gozatu Euskaraldia!

Elkar mugituz egingo dugu, ezta?