Dirulaguntzez gain, beste zer modutan lor ditzaket baliabideak nire erakundearentzat?

Erakundeek aurrez aurre duten erronka handietako bat proiektuak, jarduerak eta/edo zerbitzuak finantzatzea da. Hala, erakundeek baliabide berriak sortzeko, bilatzeko edo erakartzeko premia izaten dute egunero.

Baliabide horien jatorriaren arabera, berezko baliabideez edo besteren baliabideez hitz egin dezakegu:

  1. BEREZKO BALIABIDEAK EDO NORBERAK SORTUAK: Baliabide hauek erakundeak berak sortzen ditu, bazkideen kuoten, unean uneko dohaintzen, legatuen, zerbitzu-prestazioaren eta jarduera nagusia finantzatzeko egindako bilketa-ekitaldien bidez (esaterako, kanpainak, diru-bilketak, merchandisinga, beste produktu batzuen salmenta, etab.).
  2. BESTEREN BALIABIDEAK EDO KANPOTIK DATOZENAK: Kanpoko eragile finantzatzaileetatik (pertsonak, erakundeak, enpresak, etab.) datozen baliabideak dira, eta gehienetan gizarte-proiektu bat finantzaketaren xede gisa aurkeztea eskatzen dute. Hala, talde horren barruan daude:
  • Administrazio publikoak (tokikoa, erkidegokoa, estatukoa eta Europakoa). Administrazio publikoak erakundeen finantzatzaile nagusietako bat izaten jarraitzen du, batez ere kontratu, hitzarmen eta dirulaguntzen bidez.
  • Irabazizko edo merkataritzako erakundeak, hau da, enpresak, eta, horiekin batera, enpresetatik sortutako fundazioak, normalean enpresaren gizarte-erantzukizuneko ekintzak antolatu eta artikulatu behar direlako.
  • Hirugarren sektoreko beste erakunde batzuk, esaterako, gizarte-proiektuetarako laguntzak ematen dituzten fundazioak; hau da, beren funtsak beste erakunde batzuetara bideratzen dituztenak, normalean gizarte-proiektuetarako laguntzen deialdien bidez.
  • Aurrezki-kutxen gizarte-ekintzak, zeinak beren irabazien zati bat gizarte-erakundeentzako finantza-laguntzetara bideratzen duten, normalean deialdi publikoen bidez.
  • Herritarrak orokorrean, bazkide/harpidedun berriak, noizbehinkako dohaintza-egileak eta abar erakartzeko iturri gisa.