Garbiketa-ekintza bat gizartea ingurumenaren babesaren inguruan sentsibilizatzeko ekimena da, eta zehazkiago, hondakinen eta garbiketaren arazoen inguruan sentsibilizatzeko ekimen bat.
Mundu guztiak antola edo parte har dezake garbiketa-ekintzetan: enpresak, administrazio publikoak, ikastetxeak, elkarteak, edo herritarrak. Garbiketa-ekintzak inplementatzean, littering-arekin (hondakinak uztea) sortutako arazoa konpontzen laguntzen da, eta, aldi berean, sortutako hondakinen kantitateari, prebentzioaren garrantziari eta hondakinen murrizketari buruzko kontzientzia sortzen da.
Garbiketa kolektiboa antolatzeko, oso garrantzitsua da aldez aurretik prestatzea eta etapa hauek jarraitzea:
- Aurkitu garbitu beharreko lekuak. Garbiketa-ekintza bat egitera abiatu aurretik, hondakinen gune zikinak aurkitu behar dira. Etapa honetan, garrantzitsua da aukeratutako eremua jabetza pribatukoa ez dela egiaztatzea.
- Egiaztatu eremu horretan beste garbiketa-ekintza batzuk antolatu ez izana. Agian beste erakunde edo pertsona batzuek eremu bera garbitzea aurreikusi dute! Hori egiaztatzeko, jarri harremanetan zonaren ardura duen toki-administrazioarekin edo kontsultatu Euskadi Garbia webgunean. Eta, beste elkarte/talde batek eremu horretan jarduteko asmoa badu, eragiketa bateratu bat koordinatu ahal izango da.
- Ekintzarako eguna eta ordua finkatu behar dira, eta parte-hartzaileei informazioa eman.
- Planifikatu ekintza: Ezarri programa bat jarraitu beharreko epeekin.
- Egin ekipoa. Ahal beste pertsona mobilizatu. Boluntarioak, herriko elkarteak, dendak, eskolak, institutuak, udalerriko zerbitzu teknikoak... Prestatu parte-hartzaileen zerrenda bat beren telefono zenbakiekin, askotan berandu etortzen den jendea egoten baita.
- Jarri harremanetan tokiko agintariekin. Jar zaitez harremanetan Toki Administrazioarekin, dagozkion baimenak kudeatzeko, eta jaso nahi diren hondakinen tipologiaren eta kopuruaren berri emateko, hondakin horiek kudeatzen laguntzeko, eta, are gehiago, gaikako bilketa egin ahal izateko edukiontziak ere emateko. Garbiketa-ekintza egin baino gutxienez hilabete bat edo bi lehenago eskakizuna bidaltzea gomendatzen da. Lakuak eta ibaiak garbitzeko, komeni da uren kudeaketaz arduratzen diren zerbitzuekin ere harremanetan jartzea (URA Uraren Euskal Agentzia eta/edo Kostaldeetako Zerbitzu Probintziala).
- Pentsatu zer arropa eraman behar den eta zer material behar den. Hobe da parte-hartzaileei praka eta zapata itxiak eramatea gomendatzea, zauriak saihesteko. Garbiketa-ekintza egin ahal izateko beharrezkoa den egoera fisikoari buruzko informazioa ere eman behar zaie. Ahal bada, eskularru eta zabor-poltsa handiak eta erresistenteak eskainiko zaizkie parte-hartzaileei (obretarako erabiltzen direnak ezin hobeak dira). Poltsek kolore desberdinetakoak izan behar dute, hondakinak errazago bereizteko, eta eskularruak lodiak. Elementu horiek ezin badituzu erosi, eman izena Let 's Clean Up Euskadin eta eskatu beharrezko materiala Euskadi Garbiaren bidez. Era berean, parte-hartzaileei material propioa eramateko esan ahal diezu, prest egonez gero.
- Eman ekintzaren berri tokian bertan. Egin ekintzaren kartel bat leku publikoetan jartzeko; egin prentsa-dosier bat edo prentsa-komunikatu bat eta bidali tokiko komunikabideetara (egunkariak, tokiko telebista). Erabili webguneak eta sare sozialak garbiketa-ekintza ezagutarazteko eta, horrela, ekintza hedabideetan agertzeko.
- Jarri harremanetan BizkaiaGara-rekin, ekintzari balio erantsia ematen dioten beste pertsona, erakunde eta gizarte-eragile batzuekiko harremanean eta hedapenean lagundu ahal izateko.
- Sartu ekintza Hondakinak Prebenitzeko Europako Astean. Ekintza Ihobe Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak bultzatutako Let 's Clean Up Euskadi kanpainarekin bat badator. Inskribatu ekintza eta garbiketarako materiala jaso ahal izango duzu, baita komunikazio-tresna desberdinak deskargatu ere. Ihobek, gainera, urtean zehar planteatutako ekintza guztiak ezagutarazten lagunduko du.
- Eskatu irudi-eskubideen baimena, garbiketa-ekintzan egin beharreko argazkietarako.
- Pentsatu parte-hartzaileen segurtasunean: aldez aurreko neurriak, parte-hartzaileen aseguruak, botikina, suhiltzaileen kontaktua behar izanez gero, pandemia-egoera, etab.
Garbiketa-ekintza amaitu ondoren, ebaluazio-fasea aktibatu behar da:
- Jaso boluntarioek dituzten ideiak eta ekarpenak espazio garbian isuritako hondakinen presentzia murrizteko egin beharreko ekintzei eta hobekuntzei buruz, agintari eskudunei jakinarazteko.
- Eskaini lortutako emaitzei buruz taldean hausnartzeko aukera. Aztertu bildutako hondakinen kopurua eta motak, baita etorkizunean hondakin horiek murrizteko har litezkeen neurriak ere.
- Azkenik, azpimarratu egindako ekintzaren berehalako onurak, bai ingurunearentzat, bai parte-hartzaileentzat, eta proposa itzazu litteringa prebenitzen eta ingurumena babesten lagun dezaketen ekintza edo konpromiso berriak.
Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak emandako Let 's Clean Up Euskadi argitalpena erreferentziatzat hartuta egin da FAQ honen edukia. Argitalpen horretan jasotzen dira erakundeek eta herritarrek garbiketa-eragiketak antolatzeko prozedura osoa eta material lagungarriak.