Nola eskatu erakunde baten IFZ?

Edozein elkarte, fundazio eta abarrentzat, IFK (Identifikazio Fiskaleko Kodea) edo IFZ (Identifikazio Fiskaleko Zenbakia) pertsona fisiko baten NANa bezalakoak dira, eta beharrezkoak izango dira elkarteak egiten duen edozein eragiketatarako: banku-kontu bat zabaltzea, egindako erosketen faktura bat jasotzea, zerbitzu bat emateagatik faktura bat igortzea, etab.

Erakunde baten IFZ Foru Ogasunean eskatzen da. Nahitaezkoa da erakundea legez erregistratuta dagoen unean eskatzea. Era berean, behin-behinean eska daiteke dokumentazioa dagokion erregistroan aurkeztu ondoren, onespenaren zain gaudenean.

Erregistroak erakundearen legezko inskripzioa baieztatzen duenean, Foru Ogasunari jakinarazi beharko zaio, eta erregistroak behin-behineko zenbakia behin betiko IFZ bihurtzeko onartutako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

Behar den dokumentazioa

  • Erroldan alta egiteko 036 eredua, beteta.
  • Elkartearen eraketa-aktaren, zuzendaritza-batzordearen eta estatutuen originala eta fotokopia, Eusko Jaurlaritzak, edo, elkartearen eremua estatukoa bada, erakunde eskudunak ikus-onetsiak.
  • Errolda-aitorpena sinatzen duen pertsonaren IFZren fotokopia; elkarteko zuzendaritza-batzordeko kide bat izan behar du.
  • Eusko Jaurlaritzako Elkarteen Erregistroan edo, elkartearen eremua estatukoa bada, dagokion erakunde eskudunean inskribatzeko ebazpenaren originala eta fotokopia.