Europe Direct zentroak herritarrei Europar Batasunarekin lotutako gaiei buruzko tokiko informazioa emateko guneak gara. Europako Batzordearen 400 harreman-puntu baino gehiagoko sare baten parte gara 27 estatutan. Gure eginkizuna informazioa ematea, zalantzak argitzea, Europa komunikatzea eta eztabaida eta herritarren parte-hartzea sustatzea da.
'Bizkaia aktiboa, Europara begira dagoen Bizkaia' - Itziar Fernández Marrón
Bizkaiko herritartasun aktiboak Europako herritartasun aktiboa izan behar du: ekimenek, eraginak eta tokiko inpaktuak ezin dute alde batera utzi Europarekiko lotura. Testuingururen batean parte-hartze eraginkorra eta gure elkartasunaren adierazpenik argienetako bat Europako lurraldean eta historian izan da.
Europako herritartasun-eskubideak aukera ematen digu Europako proiektuaren baterako eraketaren parte aktibo izateko, zirkulazio eta bizileku askearen estatutua baitakar eta, gainera, eskubide politikoak ere baditu, hala nola udal-hauteskundeetan eta Europako Parlamenturako hauteskundeetan botoa ematea eta hautagaitzak aurkeztea, Europako Arartekoarengana jotzea edo Europako herritarren ekimen bat abian jartzea. Nahiz eta askotan eta historikoki zailtasunak izan diren, hainbat arrazoi direla medio, Europa eta haren parte gisa ditugun eskubideak komunikatzeko, Europako herritarren parte-hartzea hasieratik dago Europako proiektuaren muinean, bihotzean bertan.
Eskubide politikoek eta mugimendu-askatasun horrek pertsona-komunitate bateko kide izatearen zentzua sortzen lagundu dute; Bizkaia tokian tokikotik aktibatzeak komunitate zabalago hori bistatik galdu gabe egitea ekarri behar du, begirada globala, europarra, nazioartekoa izatea, EBren politikei, 2030 Agendari eta GJHei lotua, gizarte-konpromisorako, partaidetzarako, ekintzarako eta herritartasun aktiborako modu berrietarantz jotzeko modu bakar gisa.
Europako herritarrek sustatu eta gidatutako Europaren Etorkizunari buruzko Konferentziak aukera eman die Europa osoko pertsonei beren ideiak partekatzeko eta gure etorkizun komuna eratzeko. Eta, zer da Europan bizi garen pertsonentzat herritar gisa aktibatzea? Besteak beste, balioetan eta printzipioetan oinarritutako identitate komuna eraikitzea esan nahi du; Europako demokrazia indartzea, informazio eskuragarria, egiazkoa, askea, plurala eta independentea jasotzea; Europako balioen babesa ziurtatzea, eta, bereziki, gure eskubideak eta gizarte-eredua. Eta hori guztia gai komun batzuen inguruan: klima-aldaketa eta ingurumena, osasuna, gizarte-justizia, enplegua, balioak eta eskubideak, eraldaketa digitala, demokrazia, migrazioa, hezkuntza, kultura, gazteria eta kirola.
Beraz, tokikotik aktibatzeak berekin ekarri behar du Europako herritarrek adierazitako printzipioen eta asmoen zerrenda hori bistatik ez galtzea. Horretarako, eta lurraldetik, Bizkaitik, eskari horiek egia bihurtzeko mekanismoak antolatu behar ditugu: lankidetzarako eta ikaskuntza partekaturako Europako sare eta plataformetan presentzia eta parte hartzea, ekimenak zehatz garatzeko nazioz gaindiko proiektuak abian jartzea, gure komunikazio-ekintzetan ikuspegi europarra izatea, gai globalei buruzko tokiko ingurunean eztabaida sustatzea, lurraldean bizi garen pertsonen parte-hartze erreala eta eraginkorra, ahalduntzea eta inklusioa hobetzeko.
Europako proiektu komunaren elkartasuna eta erresilientzia hainbat faktorek probatzen duten garaiotan, beharrezkoa da, inoiz baino gehiago, Europako gure balioak sustatzea eta horiek defendatzeko aktibatzea, hezkuntzaren, informazioaren, kulturaren, parte-hartzearen eta konpromisoaren bitartez. Bizkaia hobea eraikitzeko ezinbestekoak diren Europako balioak.
Itziar Fernández Marrón, Europe Direct Bizkaia -ren arduraduna