"Ekintzarako prest?" - Nerea Ortiz Olarra

Zalantzarik gabe, klima-aldaketa gizateria gisa aurre egin behar diogun ingurumen, gizarte eta ekonomia-erronka handienetako bat da.

Ekintzarako prest? - Nerea Ortiz Olarra

NBEko Klima Aldaketari buruzko Adituen Gobernu arteko Taldea aspalditik ari da azpimarratzen klima-sistemaren berotzeari buruzko ebidentzia zientifikoa zalantzarik gabea dela, eta hala erakusten ari da egunetik egunera: tenperatura globala handitzen ari da, ozeanoak berotzen eta azidotzen ari dira, glaziarrek atzera egiten dute, Groenlandiako eta Antartikako izotz-masek behera egiten dute, itsasoaren maila handitzen ari da, gero eta ohikoagoak eta biziagoak dira muturreko gertaera meteorologikoak, hala nola, bero-boladak. Horrek guztiak ekosistemei eta biodibertsitateari eragiten die, baita gure gizarteari ere, eta beraz, erronka bat da gure bizimoduarentzat.

Bere epe luzeko izaerak, etorkizuneko inpaktuei buruzko ziurgabetasun handiak eta erantzukizun etikoek erronka oso konplexu baten aurrean egotea eragiten dute. Komunitate zientifikoak gomendatzen du ez gainditzea 1,5 edo 2 gradu zentigraduko berotze globala industriaurreko mailekiko, ondorio katastrofikoenetako batzuk saihesteko edo murrizteko. Horretarako, CO2 isurien gailurra 2025a baino lehen gertatu behar da, eta gainera, 2030erako %43 murriztu behar dira CO2 isuriak eta %34 metanoarenak. Konponbideak ere, edo horietako batzuk, hor daude; orain, politika ausarten eta horien inplementazioaren aldeko apustu irmoa baino ez da falta.

Aurrerapen horietan guztietan, bai klima-aldaketaren kausak eta ondorioak ulertzeko, bai egokitzeko eta arintzeko konponbideak emateko, zientziak funtsezko zeregina izan du. Baina, zein da gure ekarpen indibiduala eta kolektiboa gizarte gisa? Ba al dakigu gure portaerak eta ohiturak aldatzen ez baditugu, gure hurrengo belaunaldiei utziko diegun munduak ez duela zerikusirik guk ezagutu dugunarekin? Ba al dakigu gure erantzukizun indibidual eta kolektiboaz? Ba al dakigu gure lurraldetik ere ekarpen handia egin dezakegula?

Positiboa izaten eta pertsonengan itxaropena mantentzen saiatzen naiz. Ondo prestatutako eta informatutako gizartea da, hain zuzen ere, gobernuek klima-aldaketaren aurkako borrokan premiazko neurri ausartak eta bidezkoak hartzeko apustu irmoa egiten lagun dezakeena. Izan ere, ez dugu ahaztu behar klima-aldaketak ez diela pertsona guztiei berdin eragiten. Gogoeta horrek beste hausnarketa espezifiko bat merezi luke. BC3 – Basque Centre for Climate Change ikerketa-zentroan, non 2008tik lan egiten dudan, klima-aldaketari buruzko diziplina anitzeko eta bikaintasuneko ezagutza ematea dugu helburu, tokikotik, Bizkaitik, erronka global handi honetan laguntzeko. Ez da erronka erraza. Baina argi daukat. Ekintzarako unea da, baterako ekintzarako, baina baita ekintza indibidualerako ere, pertsona bakoitzak kontatzen duelako, keinu bakoitzak mundu justuago eta iraunkorrago baterako trantsizioan kontatzen duelako.

Nerea Ortiz Olarra

BC3 Basque Centre for Climate Change-eko gerentea