"Elkartasuna da erantzuna " - Natalia Rodriguez

Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundea osatzen duten GGKEak lankidetzaren oinarri dira hasieratik; gizarte honetako pertsona askoren konpromiso solidarioa haien bidez bideratzen da, eta zailtasun eta muga handiak izan arren, beti jarraitzen dute lanean inor atzean ez uzteko.

Natalia Rodríguez

Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundea garapenerako gobernuz kanpoko euskal erakundeen (GGKE) kolektibo bat da, nazioarteko lankidetzan eta eraldaketa sozialerako hezkuntzan lan egiten duena. 1988an sortu zen 11 erakunde fundatzaileren eskutik, lankidetzan aritzeko, hausnartzeko, hitz egiteko eta lan egiteko helburuarekin, erakunde bazkideek modu koordinatuan jardun dezaten, eta haien esku-hartzeak koherenteak eta egokiak izan daitezen. 2023an 85 GGKE bazkide biltzen ditu, 135 egoitza baino gehiagorekin Euskadiko lurraldeetan, horietatik 58 Bizkaian. Sare horrek, bere erakunde elkartuak koordinatuz eta lagunduz, Euskadiko GGKEen Koordinakundearen aldeko apustua egiten duen sektore baten ordezkaritza eta lehentasunezko elkarrizketa bilatzen ditu, lankidetzako edo gizarte-eraldaketako beste eragile batzuekin eta erakunde publikoekin bozeramailetza gauzatzeko.

Testuingurua ez dator ekintza solidarioarekin bat: gero eta gatazka gehiago, espazio zibikoen jazarpen eta elkartasunaren deserrotze sozial handiagoa. Hala ere, gure misioa eta sektorea indartzen jarraitzea inoiz baino beharrezkoagoa da. Horri guztiari heltzeko, hainbat ikuspegi lantzen ditugu zeharka: giza eskubideak, eraldaketa soziala, genero-ekitatea, lankidetza feminista, ikuspegi lokal-globala eta naturaren eskubideen ikuspegia.

Euskadiko GGKEen Koordinakundea hainbat gunek osatzen dute, bakoitzak bere funtzio eta eskumenekin: gizartea eraldatzeko hezkuntza, generoa, komunikazioa, sektorea indartzea, eragin politikoa. Izan ere, gure ustez, antolatutako eta koordinatutako GGKEen oinarrizko zutabeetako bat eragin politiko horren jarduerak izan behar du, hau da, lankidetza-politika zaintzen duen tresna, politika hori sendotzen duena, duen garrantziagatik eta planetako pertsona ahulenekin egiten duen funtsezko lanagatik.

Justizia sozialaren premisatik, giza garapen iraunkorraren paradigmatik abiatuta lan egiten dugu, pertsonen bizitza eta duintasuna erdigunean jarriz. Garapenerako lankidetza da Euskadik herri pobretuekin batera egiten duen lana, haien garapena eragozten duten oztopoak ezabatzeko. Gure ustez, justizia sozialean, elkartasunean, elkarrekikotasunean, interesik ezan eta doakotasunean oinarritutako prozesua da, transferentzia ekonomiko hutsetik edo karitatetik haratago. Argi dago garapen arazo eta erronkei ezin diegula bakarrik aurre egin, eta bat egiteak eta sinergiak batzeak balio erantsia ematen dutela, baina Euskadin beti izan dugun elkarrekikotasunaren, doakotasunaren eta interesik ezaren printzipioa ahaztu gabe, euskal lankidetza eredugarria eta nazioartean onartua bihurtuz.

Bizi dugun testuinguruan erronka itzelei egin behar diegu aurre, hala nola gerrak, migrazio masiboak, gero eta desberdintasun handiagoa eta pobreziaren arrakala handitzea, beti bezala funtsean emakume aurpegia duena, giza eskubideen urraketa etengabeak. Mundu honetan elkarri lotuta dauden arazoak gainditzeko tokian-tokian eta oro har jardutea inoiz baino premiazkoagoa da, eta, horretarako, GGKEen lana funtsezkoa da, beste gizarte-eragile batzuekin eta herritarrekin batera. Hain zuzen ere, herritarrek hainbat tresna dituzte eskura gizarte-aldaketa beren hurbileneko eremutik bultzatzeko: munduaren egoeraz jabetzea, mobilizatzea eta bidegabekeriak salatzea, kontsumo arduratsu eta eraldatzailearen aldeko apustua egitea, genero-ekitatearekin konpromisoa hartzea, portaera indibidualistetatik aldentzea edo GGKEetan parte hartzea. Aldaketarekin bat egiten duzu?

Natalia Rodriguez

Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeko eragin politikoaren arloko arduraduna