Europa Euskaditik eta Bizkaitik eraikitzen

EuroBasquek gazteen aldeko apustua egiten du bereziki. Askotan probatu dugu, eta argi daukagu: gazteengan konfiantza izanez gero, beti erantzuten dute. Europar Batasunaren simulazioa antolatzen dute astebetez EHUko Bizkaia Aretoan, eztabaida-jardunaldi bikainak proposatu eta antolatzen dituzte, eztabaida-mahai bat antolatzen dute Donostian Miramar jauregian antolatzen dugun udako ikastaroan...

Igor Filibi López, Eurobasqueko idazkari nagusia

Pertsona guztiak, herri guztiak, hizkuntza guztiak, ezinbestekoak dira Europa justu bat eraikitzeko. Aniztasuna, arazoa izan beharrean, Europako gizartearen altxorrik baliotsuena da. Hala uste dugu EuroBasque Europako Mugimenduaren Euskal Kontseiluan.

Europar Batasuna zer den zabaldu nahi dugu, zer egiten duen eta nola funtzionatzen duen azaldu. Baina ez dugu soilik Bruselan edo Estrasburgon egiten dena kontatu nahi. Era berean, euskal gizarteak eztabaidetan parte har dezan sustatu nahi dugu, iritzia eman dezan, entzun diezaioten, eta bere ideiak eta energia ekar ditzan Europa den etxe komun honen eraikuntzara.

Beti espiritu kritikoz, baina eraikitzeko asmoz. Europar Batasuna arrazoi onengatik sortu zen. Eta existituko ez balitz, sortu egin beharko litzateke, izan ere, herrialde bakar batek ezingo lieke arazo handiei aurre egin. Batasunak egiten du indarra.

Egia esan, EB mekanismo zoragarria da adostasunak elkarrizketaren bidez lortzeko, alderdi oso desberdinen babesa lortuz. Batzuetan kosta egiten da erabakiak hartzea, noski, eta prozedurak motelak izaten dira, egia da, baina jende asko erabakiaren parte delako da. Azkarragoa litzateke pertsona bakar batek erabakia hartzea, baina europar gehien-gehienok nahiago dugu demokrazia batean bizi eta erabakiaren parte garela sentitu.

Diru asko gastatzen dugu urtero itzultzaile eta interpreteetan ere, eta oraindik pixka bat gehiago gastatu beharko genuke, hautesleak edo herrialdeak ordezkatzen dituzten pertsona guztiek baitute beren ikuspuntuak ama-hizkuntzan adierazteko eskubidea. Eta denok dugu gure hizkuntzan derrigortzen gaituen legeria irakurri ahal izateko eskubidea. Ea laster euskara Europar Batasuneko hizkuntza ofizialtzat hartzen den, gainerakoen maila berean.

Gure lan eta jardueretan, EuroBasquek gazteen aldeko apustua egiten du bereziki. Askotan probatu dugu, eta argi daukagu: gazteengan konfiantza izanez gero, beti erantzuten dute. Europar Batasunaren simulazioa antolatzen dute astebetez EHUko Bizkaia Aretoan, eztabaida-jardunaldi bikainak proposatu eta antolatzen dituzte, eztabaida-mahai bat antolatzen dute Donostian Miramar jauregian antolatzen dugun udako ikastaroan...

Kontzertuak ere antolatzen ditugu. Bata musika klasikoa Bilboko Elkarte Filarmonikoan, maiatzaren 22an, eta bestea, ikusgarria izango dena, ekainaren 5ean, bi hiritan aldi berean! Europako lau gaztek, bi neskak eta bi mutilek, txandaka joko dute pianoa Parisen eta Bilbon, eta bi auditoriumetan beren musikarekin eta talentuarekin hunkituko gaituzte. Kontzertu europarra izango da benetan.

Ekimen honek ilusio berezia egiten digu, jendea batzeko eta emozioak partekatzeko bakarrik balio duen teknologia erabiliko dugulako. Eta musika ona egiteko, noski. Zoragarria izango da lau gazte horiek musikaren bidez nola elkartzen diren entzutea, musika hori Europako herentzia kulturalaren funtsezko elementua baita.

Eurobasquek gazteen aldeko apuestua egiten du

Hau da EuroBasqueren helburu nagusia: Europa eraikitzea, eta batez ere gazteekin. Gazteak europar sentitu behar dira, beren nortasunei uko egin barik, noski, baina zerbait zabalago eta sakonago, handiago eta partekatuago baten parte senti daitezen, eta desberdintasunak elkarrizketaren eta bestearen ulermenaren bidez konpontzeko aukera izan dezaten. Europa gerra saihesteko jaio zen, eta ez dugu inoiz ahaztu behar.

Zure zain izango gara gure jardueretan eta ea laster partekatzen dizkiguzun Euskaditik inoiz baino gehiago behar dugun Europa batu hau eraikitzen laguntzeko zure ideiak!