Azken hamarkadetan herritarrek eta erakunde desbardinek egindako alkarlanak ekarri gaitu honaino, eta bakotxa bizi garen garaiaren seme-alaba izanda, gakoak antzekoak dira: euskeraren prestigioa, benetako erreferenteak, transmisioa, hezkuntza, aisia, gazteak, lan-mundua, eremu digitala, hedabideak, persona migratzaileak…
Euskera guztiok gara
Isaac Amezaga Larrazabal, Euskara, Kultura eta Kirol Saila - Euskara zuzendari nagusia,
Hamaikatxutan esaten da, euskera gure altxorrik preziatuena dala. Altxorrak kutxa baten barruan gordetzen diran bitartean, euskerak jagotea, kalea, airea, bizitasuna eta, batez be, erabiltea behar dauz. "Euskera guztiok gara" ez da esaldi huts bat; gure komunidadearen izakerea definitzen dauan konpromiso bizia da. Batzen gaituena
Azken hamarkadetan herritarrek eta erakunde desbardinek egindako alkarlanak ekarri gaitu honaino, eta bakotxa bizi garen garaiaren seme-alaba izanda, gakoak antzekoak dira: euskeraren prestigioa, benetako erreferenteak, transmisioa, hezkuntza, aisia, gazteak, lan-mundua, eremu digitala, hedabideak, persona migratzaileak… Hau kontuan izanda, euskerak, egunerokotasunean erabilteko tresnak eta personak batzeko zubiak izan beharko leuke.
Erakargarria eta inklusiboa
Euskaldunok ez gara sarri izaten geure buruaren enbaxadore onenak, galtzaileen berezko lotsak edo eroaten gaitu horretara; baina euskeraren inguruan entzuten diran sententzia (askotakoak dagoz) apokaliptikoetatik eskapatu gurean, eta jagokuzan arduretan nondik ibili badagoan arren, baikortasunetik ekingo deutsagu.
Batetik, zeharkakotasuna, normaltasuna, euskera sustatzeko politikak eta antzeko aho beteko berba guztiak, alper-alperrikoak dira norberaren erantzukizunetik jorratzen ez badoguz eta, ahal dogun neurrian, euskeraz ondoen berba egiteko zein idazteko ahalegina egiten ez badogu. Bestetik, mezu batzuk birformulatzea ezinbestekoa iruditzen jat; zelan erakarri inor euskerara beti penak kontetan, eta borroka eta oldarraldien artean bagagoz?. Euskera guztiona da, gura eta maite dogun guztiona; horretarako behar-beharrezkoak dauz, desbardinen arteko akordio zabalak, inklusiboak izatea eta bata bestearen azalean jartzearen hauspoa.
Personak
Bide horretatik oratu beharko deutsagu ba, gizarte aldakor, geroz eta indibidualistagoa eta digitalizatu honetan, euskerak bere lekua aurkitu dagian, tresna moderno eta erabilgarria dala erakutsiz. Baina guztiaren ganetik, personak dagoz. Hainbat dira Bizkaiko Foru Aldunditik, euskeraren munduko eragileakaz alkarlanean martxan daukaguzan proiektuak. Baina personataz ari garen einean, itxiko deustazue aurrera ekartea, “Zu ere euskaldun” lelopean, martxan jarri barri dogun egitasmoa. Holangoetan (BizkaiaGara be haren parte da) errazena aurkeztea izaten da, beste kontu batzuk dira behar dan moduko jarraipena emotea eta ganorako etekina ateratzea. Lehenago aitatutako baikortasunetik abiatuta, eta zailtasunak zailtasun, harro dinotsuet persona migratzaileak euskerara parajetzea helburua daukan programa honek sano ilusionatzen gaituela.
Erronka barriak
Euskera oinarrizkoa da gizarte-kohesiorako. Hizkuntza partekatzeak komunidadearen kidea izateko sentimendua indartu eta, era berean, aukera-bardintasuna bermatzen dau. Baina, kasurik gehienetan beste lehentasun batzuk daukiezan, persona migratzaile honeei euskeraren erabileraren zama astuna leporatzea, ez leiteke, edozelan be, bidezkoa izango. Ez etorri barri diranei, ezta aurrerantzean etortekoak diranei be. Gure kulturaren barri izatea, derrigorrezkotasuna auzia aztertzea, doakotasuna, ordutegiak, on-line eskaintza, euren jatorrizko herrietako hizkuntza, ohiturak eta berezitasunak mantentzea errespetatzea, pena merezidu daben persona asko eta asko gure etorkizuna eraikitzeko parte aktibo egitea, euskeragaz batera, hezkuntza eta gizarte zerbitzuen munduak be erronka honetan aliatuak bilakatzea, izan leitekez giltzetako batzuk. Eta benetan uste dot, gitxigaz asko lortu leikegula.
Guztiok gara
Euskara bizibarritzea bide bat da. "Guztiok gara" horrek esan gura dau inor ez dagoala sobran eta guztiok garela beharrezkoak. Gure hizkuntzak etorkizuna izan dagian, bide hori nogaz eta zelan egin be garrantzitsua da. Beraz, segidu daigun euskera alkarregaz josten, errespetuz, leialtasunez eta ezelango muga barik.