LGTBIQA+ komunitateak erronka ugari ditu gaur egun ere

Munduko leku askotan, lesbianek, gayek, bisexualek eta transexualek arrisku eta jazarpen egoerak pairatzen dituzte. Pertsona askok ihes egin behar izaten dute beren herrialdeetatik, atxilotuak, torturatuak edo erailak izateko beldurragatik, eta beste batzuek, beren sexu-orientazioaren eta genero-identitatearen arabera askatasunez bizitzeko duten ezintasunagatik.

ROSA PÉREZ PÉREZ

Rosa Pérez Pérez - CEARen Euskadiko zerbitzu juridikoaren abokatua.

Euskadiko CEARetik nazioarteko babesa eskatzeko prozesuan laguntzen diegu, eta, arreta juridikoaz eta psikologikoaz gain, gizarteratzeko eta laneratzeko prozesuetan ere laguntza eskaintzen diegu. Laguntza integrala ematen dugu eta gure begirada intersekzionala da. Gure egiturak eta lana LGTBIQA+ kolektiboaren beharretara egokitzen joan gara, beren herrialdeetatik babes bila ihes egiten duten pertsonei ahalik eta arreta onena emateko, beren sexu-orientazioagatik edo genero-identitateagatik jazarrita direlako.

Gaur egun, kudeatzen dugun lehen harrerako aterpetxeetako bat LGTBIQA+ kolektiboaren arretan espezializatu da. Iritsi bezain laster bertan bizi dira, eta oraindik beldurtuta datoz beren jatorrizko herrialdeetan jasan duten jazarpenagatik. Aldi baterako harrerako bi etxebizitza ere espezializatu dira LGTBIQA+ kolektiboaren arretan. Nazioarteko babesa eskatzen duten LGTBIQA+ pertsonek oso modu positiboan baloratzen dute horrelako guneak izatea, eta guretzat, CEARetik, oso garrantzitsua da artatzen ditugun pertsonak eroso eta seguru sentitzea.

Talde juridikoan, adibidez, beti galdetzen diegu genero-identitate bera duen pertsona batek artatzea nahiago duten ala ez, eta talde mistoa garenez, haien lehentasunera edo premiara egokitzen gara. Duela gutxi, Marokoko mutil homosexual batek esan zidan nirekin oso eroso sentitzen zela, baina hasieran oso zaila egin zitzaiola nirekin hitz egitea Marokon jasan zuen jazarpenaz eta sexu-joeraz, Marokon gizonek ez baitute sexuaz hitz egiten emakumeekin.

Akonpainamendua prozesu konplexua da, ñabarduraz betea, eta zaintzen saiatzen gara, berriz biktimizatu ez daitezen eta horrela, beren bizi-ibilbide berrian laguntzen diegu. Puntu honetan, garrantzitsua da azpimarratzea sareko lana funtsezkoa dela aipatu dugun arreta integrala eskaini ahal izateko. Bizkaian, adibidez, ALDARTE entitatearekin koordinatuta lan egiten dugu, haren lana funtsezkoa baita sozializatzeko, eta normalizatzeko espazio bat (arreta psikologiko espezializatuaz gain) eskaintzen dielako.

Hala eta guztiz ere, LGTBIQA+ komunitateak erronka ugari ditu gaur egun ere. Adibidez, Espainiako Estatuan babesa eskatzen duen pertsona batek, genero-identitateagatik edo sexu-orientazioagatik jazarpena jasan eta gero bere herrialdetik ihes egin badu, bi edo hiru urte luza daitekeen administrazio-prozedura bati egin behar dio aurre. Epe horretan, Espainiako Estatuan duen administrazio-egoera behin-behinekoa da, eta jakinaraziko dioten ebazpenaren zain egoten da beti, ebazpenaren zentzua noiz eta zein izango den jakin gabe.
Beste erronka handi bat transexualen dokumentazioaren gaia da. Ez delako garatu otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 50. artikulua, trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrari eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeari buruzkoa. Beraz, arrazoi horrengatik asilo-eskubidea aitortu zaion pertsona transexual batek ezin ditu egokitu Espainiako Estatuan duen legezko dokumentazioa (bizileku-txartela eta bidaia-agiria) berak dituen izenera eta genero-identitatera. Horrek diskriminazio-egoera oso larrietara eramaten ditu.

Hori da asilo-eskubidea aitortu zaienean azaltzen den kontu zailenetako bat. Haien bizitza-historia aitortu dela eta egoitza-baimen mugagabe batekin babestuko direla jakiteak ematen duen pozaren ondoren, etsipena dator benetan nor diren esaten ez duen dokumentazio batekin jarraitu behar dutelako. Identifikazio-dokumentazioa ezin egokitzeak maila askotan eragiten die, eta oztopo handia da lana bilatzeko orduan. Gure erreklamazioa da, kasu horietan, genero-izena eta genero-identitatea egokitu ahal izatea Asilo eta Babes Bulegoaren bidez (Barne Ministerioa), bulego horretan baloratu baita errefuxiatuen estatutuaren aitorpena.

Azkenik, garrantzitsua da nabarmentzea ez dagoela baliabide publiko eta espezifiko askorik LGTBIQA+ kolektiboarentzat. Adibidez, arreta psikologikoari dagokionez. Eta ez dugu ahaztu behar, behin Espainiako Estatura iritsita eta ingurune seguruago batean dauden arren, segurtasun-gabeziaren sentsazioa oso handia izan daitekeela, pertsona horietako askok bizitza osoa baitaramate ezkutatuta bizirauteko, batzuetan arriskuan ez egoteko ez direnaren plantak eginez ere.