BizkaiaGara-k Urkiolako parke naturalean ekainaren 11n egingo den hondakin bilketa solidarioan parte hartzea proposatzen dizu. Ingurumenaren Munduko Eguna dela eta, toki enblematiko batean, 10:00etatik 15:00etara egingo den boluntariotza ekimenera gonbidatzen zaitugu. Anima zaitez eta zatoz familian edo koadrilan gure ingurune naturalak zaintzera!
Aktiba zaitez BizkaiaGara Eguna 2023an!

BizkaiaGara Eguna 2023 lurraldeko herritarrak aktibatzeko deia da, Bizkaia kolektiboki hobetzeko ingurumenean dagoen beharrizan bati erantzuteko. Horregatik, ekainak 11n, domeka, zabor-bilketa kolektiboa egingo da Urkiolako parke naturalean, natura zaintzeko gure konpromisoa aktibatzeko helburuaz.
Pertsonok hondakin asko sortzen ditugu eta naturan bertan behera uzten ditugu, eta horrek ondorio larriak ditu ingurumen-ekosistemetan. Horregatik, Ingurumenaren Mundu Egunaren barne (ekainaren 5a), BizkaiaGara-k plastikoek kutsatzen ez duten planeta baten aldeko munduko mugimenduarekin bat egitea proposatzen dizu.
Adin guztietako pertsonentzako jardunaldi irekia izango da, 10:00etan hasiko den ekimen ahaztezina. Bertara norberaren ibilgailuz edo Durangotik autobusez dohainik joateko aukera egongo da, jende pilaketak saihesteko eta joan-etorriak errazteko asmoz.
10:45etatik 12:30ak arte parke naturaleko hiru gune ezberdinetan egingo den hondakinen bilketaz gain, bildutako hondakinak sailkatuko dira, zaborraren inpaktua eta ingurumenaren kalitateari egiten diogun ekarpena bertan ikusi ahal izateko.
13:00etatik 15:00etara, inguruneaz eta giro ezin hobeaz gozatzeko aukera izango da, musika, jolas-jarduerak eta sentsibilizazio-tailerrak eskainiz.
Zaindu dezagun Bizkaia!
BizkaiaGara Eguna 2023:
- 9:30 Autobusaren irteera Durangotik (Madalena Plaza); norberaren ibilgailuan joan ahal izango da Santutegiaren ondoko aparkalekura.
- 10:00-10:45 Materialak banatzea, parte-hartzaileei harrera egitea eta taldeen antolatzea zabor bilketarako.
- 10:45-12:30 Zabor-bilketa. Planteatutako hiru ibilbideetan ingurugiro-interprete lana egingo duen pertsona bat egongo da.
- 12:30-12:45 Bildutako zaborra sailkatzea eta birziklatzea BizkaiaGara Gunean (Santutegiaren atzealdean)
- 12:45etatik aurrera Ingurumenaz sentsibilizatzeko eta birziklatzeko tailerrak BizkaiaGara Gunean.
- 13:30-14:20 Trakamatraka taldearen emanaldia. Kontzertua instrumentu birziklatuekin BizkaiaGara Gunean.
- 15:00: BizkaiaGara Egunaren amaiera eta autobusaren irteera Durangora.