BizkaiaGara-k ekintza komunitarioko bost adibide onen ekarpen soziala sarituko du

Boluntariotzaren Nazioarteko Egunaren bezperan, Bilboko Sala BBK-k BizkaiaGara Sarien lehen edizioa hartuko du abenduaren 4an, arratsaldez. Ekitaldian, Pello Bilbao, Maite Pastor, Etorkizuna Musikatan, Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa eta Arantza Uzkiano omenduko dira.

BizkaiaGara-k ekintza komunitarioko bost adibide onen ekarpen soziala sarituko du

BizkaiaGara Sarien lehenengo edizioa abenduaren 4an izango da, 18:30etik aurrera, abenduaren 5ean ospatzen den Boluntariotzaren Nazioarteko Egunaren bezperan. Ekitaldia Sala BBK-n izango da, eta herritarren inplikazioa eta konpromisoa aitortzea eta zabaltzea du helburu, ekintza boluntarioaren eta gizartean parte hartzeko beste modu batzuen bitartez. Aipamen berezien kategorian, Pello Bilbao txirrindularia eta Maite Pastor Santurtziko San Jose de Calasanz ikastetxeko irakaslea izango dira sarituak, aurten modu berezi eta apartekoan nabarmendu baitira hainbat arlotan. Proiektuaren kategorian, Etorkizuna Musikatan, Norai elkartearen proiektua, izan da aukeratua, musikaren bidez gizartean balioa ematen dion izaera berritzailea duelako. Erakundearen modalitatean, Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoak jasoko du BizkaiaGara Saria, erreferentea baita bere konpromisoagatik, ekarpenagatik eta gizarte- eta ondare-balioagatik. Ibilbidearen kategorian, Hartu-Emanak elkarteko egungo presidentea, Arantza Uzkiano, izango da saritua, dedikazio eta konpromiso sozialaren erreferente eta eredu izateagatik.

Bizkaia sozialki aktiboa eta balio solidario sendoak dituen lurraldea izanik, BizkaiaGara-k errealitate hori aitortu, ikusarazi eta saritzea erabaki du. Saritutako pertsonak eta erakundeak hautatzeko prozesuaren barruan, BizkaiaGara Sariak 2023 Batzorde Mistoa sei pertsonak osatu dute, gizarteko hainbat esparru ordezkatuz: Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkatea; Isabel Iturbe Bizkaiko Emakumezko Enpresari eta Zuzendarien Elkarteko presidentea; Fernando Pérez Azkuna Zentroa Alhondiga Bilbaoko zuzendaria; Marta Alvarez EITBko prozesuen eta gizarte-erantzukizunaren arduraduna; Iratxe Rodríguez APNABIko boluntarioen programaren koordinatzailea; eta Gorka Moreno EHUko Bizkaiko kanpuseko errektoreordea.

BizkaiaGara Sariak Boluntariotzaren Nazioarteko Egunaren barne kokatzen dira, eta pertsona eta gizarte-eragileen (enpresak, erakundeak, kolektiboak, ikastetxeak, unibertsitateak) ekimen, konpromiso eta ibilbideari aintzatespen publikoa ematen diote. Pertsona eta eragile horiek pertsonen eta, oro har, Bizkaiko lurraldearen bizitza hobetzeko bokazioa, lana eta ekarpena erakutsi dute, elkartasunaren eta gizarte-eraldaketaren ikuspegitik, tokikotik globalera, eta komunitate-esparru guztietatik (kultura, gizarte-ekintza, kirola, ingurumena, hezkuntza...).

Joana Lasheras kazetariak aurkeztuko du ekitaldia, eta bertan izango dira BizkaiaGara-ren hiru erakunde sustatzaileetako ordezkariak (BBK, Bizkaiko Foru Aldundia eta EDE Fundazioa), baita elkarte eta fundazioetako, enpresa, erakunde publiko, ikastetxe, unibertsitate, kolektiboetako ordezkariak eta boluntarioak ere.