Ikasturtea hasi da eta horrekin batera Boluntariotzaren Azoka tradizionalak egingo dira Deustuko Unibertsitatean (irailaren 22an), BAMen (irailaren 29an) eta EHUn (urriaren 6an).
Boluntariotzaren Azokak unibertsitateetan
Deustuko Unibertsitateak (UD), Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsitate Eskolak (BAM) eta UPV/EHUk ikasleen elkartasuna eta partaidetza soziala sustatuko dute aurten ere, Boluntariotzaren 2022ko Azoken bitartez.
Boluntariotzaren Azoka horien helburu nagusia da unibertsitate-komunitateak Bizkaiko boluntariotza-erakundeek egiten duten lana ezagutu ahal izateko gune bat eskaintzea eta, ikasturte honen hasieran, unibertsitate-prestakuntza eta boluntariotza-programetako batean gizarte-konpromisoa hartzea uztartzea.
Horretarako, standak jarriko dira, eta bertan parte hartzen duten gizarte-erakundeek esku hartzeko eremuetan egiten duten lana erakutsi ahal izango dute. Aldi berean, zenbait jarduera osagarri egingo dira, hala nola hitzaldiak, erakusketak eta abar, erakundeek beraiek garatutako jarduera ezagutzera emateko eta esku hartzen duten arazoetan sakontzeko.
UD: irailaren 22. 10:00-etatik 14:00-etara.
BAM: irailak 29. Goizean.
UPV/EHU (eta Hezkuntza Fakultatea): urriak 6. 10:00-etatik 13:00-etara
Unibertsitateak eta boluntariotza
Unibertsitate-kolektiboa lehentasunezko kolektiboa da sentsibilizazio-ekintzak eta estrategiak sustatzeko, boluntariotzako programetan parte-hartze aktiboa izan dezaten. Horretaz jabetuta, boluntak (laster Bizkaia Gara) UNIKIDE programa jarri zuen abian Bizkaiko Unibertsitateekin batera. Programa horren helburua da unibertsitate-komunitatearen parte-hartze sozial handiagoa sustatzea, unibertsitate-eremua parte-hartze solidarioko, konpromiso sozialeko eta herritartasun aktiboko gune gisa indartuz. Boluntariotzaren Azoka programa horren garapenaren barruan kokatzen da.