Gizarte digital batean parte hartzea eta eragitea: benetan badugu erabakitzeko gaitasunik?

BizkaiaGarak eta Europe Direct Bizkaiak Igor Calzada eta Ainhoa Lasa bildu dituzte demokraziari, adimen artifizialari eta herritarren parte-hartzeari buruz hausnartzeko jardunaldi batean. Topaketak gizarte zibilaren eginkizuna birpentsatzera gonbidatu du, plataforma digitalen botere gero eta handiagoaren aurrean, eta parte-hartzea eragiteko benetako gaitasun bihurtzeko moduari buruzko galderak planteatu ditu.

Igor Calzada, Johana Etxezarraga eta Ainhoa Lasa

BizkaiaGarak eta Europe Direct Bizkaiak antolatutako «Gizarte digitalean parte hartzea eta eragitea» jardunaldiak gizarte-erakundeetako ordezkariak eta herritarrak bildu zituen, plataforma digitalek eta adimen artifizialak eraldatutako ingurune batean gizarte zibilak duen eginkizunari buruz hausnartzeko.

Jardunaldiaren irekieran, Johana Etxezarraga BizkaiaGarako koordinatzaileak adierazi zuen gizarte-erakundeek ezagutza sortzeko, aliantzak eraikitzeko eta proposamen kolektiboak instituzioetara helarazteko gaitasuna indartu behar dutela. Era berean, ingurune digitalak eskaintzen dituen aukerak parte-hartzean dauden desberdintasunak areagotu gabe nola baliatu ditzakegun hausnartzera gonbidatu zuen.

Igor Calzada: kalea eta pantaila errealitate beraren parte dira

Igor Calzada Ikerbasqueko ikertzaile eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakasleak azaldu zuen jada ezin dela Interneten gertatzen dena kalean gertatzen denetik bereizi. Esperientzia digitalek eta aurrez aurrekoek elkarri eragiten diote, eta harremanak izateko, informatzeko eta parte hartzeko gure moduak baldintzatzen dituzte.

Hori azaltzeko, «kutxa beltza» kontzeptua erabili zuen: erabiltzen ditugun plataformetako algoritmoek informazioa hautatzen dute eta gure arreta bideratzen dute, nola funtzionatzen duten edo haien arauak nork ezartzen dituen behar bezala jakin gabe. Adimen artifizialaren garapenarekin, gardentasun falta horrek galdera berriak sortzen ditu sistema automatizatuen esku uzten ditugun erabakiei eta horien ondorioen erantzukizuna nork hartzen duen buruz.

Calzadak, halaber, administrazio publikoek enpresa teknologiko handiekiko duten mendekotasunaz ohartarazi zuen, eta adimen artifizialaren «aurrea hartzeko gobernantza» defendatu zuen: sistemak ezarri aurretik arriskuak ebaluatzea, sektore publikoaren gaitasunak indartzea eta gardentasuna, azalpenak jasotzeko aukera eta erreklamazioak egiteko bideak bermatzea.

Gipuzkoan egindako ikerketak abiapuntu hartuta, azpimarratu zuen eraldaketa digitala ezin dela teknologia-arloko espezialisten esku soilik utzi. Instituzioek gizarte-erakundeak eta herritarrak ere txertatu behar dituzte eztabaidan. Haren mezu nagusia izan zen konektatuta egotea ez dela parte hartzearen parekoa, eta parte hartzeak ere ez duela erabakitzeko ahalmena bermatzen.

Ainhoa Lasa: gizarte-berdintasunik gabe ez dago benetako demokraziarik

Ainhoa Lasa López EHUko Konstituzio Zuzenbideko irakasleak zalantzan jarri zuen digitalizazioak, berez, aurrerapen demokratikoa dakarren ideia. Haren esanetan, benetan parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa da horretarako baldintza material egokiak izatea. Pobreziak eta desberdintasun sozioekonomikoek biztanleriaren sektore zabalen erabaki kolektiboetan esku hartzeko gaitasuna mugatzen dute.

Lasak ohartarazi zuen, gainera, algoritmoek lehendik dauden diskriminazioak erreproduzi ditzaketela, haiek garatzeko erabiltzen diren datuak ez baitira neutralak. Halaber, pantailetatik harago begiratzera eta teknologiaren ingurumen- eta giza kostuak kontuan hartzera gonbidatu zuen: mineralen erauzketa, baliabideen kontsumoa eta komunitateetan zein lurraldeetan sortzen diren inpaktuak, bereziki Hegoalde Globalean.

Ikuspegi kritiko batetik, erregulazio digitalari eta herritarren parte-hartzeari buruzko Europako politikak aztertu zituen, eta zalantzan jarri zuen lehiakortasuna eta merkatuaren interesak gizarte-eskubideen gainetik jartzea. Haren planteamendua argia izan zen: teknologia demokratizatzeak haren garapena eta erabilera baldintzatzen dituzten botere-harremanak berrikustea ere eskatzen du.

Erabakitzeko gaitasun kolektiboa berreskuratzeko elkarrizketa

Bi adituen eta bertaratutako herritarren arteko solasaldian digitalizazioaren gizarte- eta ingurumen-ondorioetan sakondu zen, baita erabaki teknologikoak bideratzeko gizarte-erakundeek izan dezaketen eginkizunean ere.

Calzadak instituzioen, komunitate zientifikoaren, enpresen eta gizarte zibilaren arteko deliberazio-guneak indartzea proposatu zuen. Lasak, berriz, erabaki horien dimentsio politikoa berreskuratzearen garrantzia azpimarratu zuen. Azaleratutako ideien artean, «algoritmoa negoziatzeko» aukera nabarmendu zen: datuak eta irizpideak hautatzerakoan gizarte-erakundeen ezagutza txertatzea, emaitza diskriminatzaileak saihesteko.

Jardunaldia hausnarketa partekatu batekin amaitu zen: kalitate demokratikoa ez da iritzia emateko dauden kanalen kopuruaren arabera neurtzen, erabakietan benetan eragiteko gaitasunaren arabera baizik. Gizarte-erakundeentzat, erronka gaitasun digital berriak eskuratzea da, beren indargune nagusia galdu gabe: pertsonekiko hurbiltasuna, loturak eraikitzea eta ekintza kolektiboa.

Informazio gehiago izan gura baduzu, sakatu hemen