Herritarren aktibazioa eta lankidetza - Valentziako larrialdia

DANAk Valentziako Erkidegoan bereziki utzi duen egoera "katastrofikoa" dela eta, tokiko biztanleek laguntza eta lankidetza guztia behar dute, baina funtsezkoa da laguntza hori modu koordinatuan iristea, betiere tokiko agintarien eta larrialdietako taldeen jarraibideak kontutan hartuz.

Herritarren aktibazioa eta lankidetza - Valentziako larrialdia

(Eguneratutako berria 2024/11/12)

DANAk Valentziako probintzia astindu zuenetik bi aste bete direnean, erakundeen eta herritarren arteko elkartasunak oso beharrezkoa izaten jarraitzen du, biztanleek ahalik eta lasterren nolabaiteko normaltasunera itzultzeko aukera izan dezaten.

Elkartasun guzti hori eraginkorra izan dadin, beharrezkoa da laguntza guztia zuzen bideratzea eta antolatzea, unean uneko benetako beharrak kontuan hartuz. Horretarako, Valentziako Generalitateak herritarren, elkarteen eta enpresen eskura jarri duen SOM SOLIDARITAT atari ofiziala erabiltzea gomendatzen da, DANAren ondorio larriak jasan duten pertsonentzako laguntzak eta dohaintzak bideratzeko.

Une honetan, Valentziako erakundeen helburu nagusia kaltetutako pertsonak ahalik eta lasterren etxera itzultzea da, eta eskolek eta ikastetxeek datozen egunotan berriro eskolei ekitea. Hori aurrera eraman ahal izateko, eskolako materialarekin eta etxeetan bizitzeko altzari/tresnekin lotutako guztia izango da beharrezkoa.

Antolatu diren elikagaien bilketen egoerari eta horien banaketari dagokionez, euskal erakundeek eta Euskadiko Elikagaien Bankuek komunikatu bateratu bat igorri zuten joan den ostiralean, udalek, enpresek eta gizarte-erakundeek kontuan hartu beharreko xehetasun guztiekin.

Elikagaiak eta materialak bidaltzeaz gain, erakunde ofizialek emandako kontuetatik dirua bidaltzea da laguntzeko modurik onena, eta hori helarazten jarraitzen dute tokian bertan jarduten ari diren erakunde eta elkarteek.

Horretarako, estatu mailan, Gurutze Gorriak, Caritasek, FESBAL-k eta Valentziako Boluntarioen Plataformak, dohaintzak jasotzeko larrialdi-kontuak aktibatu dituzte, premiazkoena den laguntza bideratzeko (ura, janaria, garbiketa-materiala, higiene-materiala...). Momentuz ez da lehentasunezkoa arropa jasotzea.

Bizkaian, GBGE Elkartea (Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartea) bezalako erakundeen lana ere diruz lagundu daiteke. Erakunde honek esperientzia handia du larrialdietako laguntza boluntarioan, eta joan den ostegunetik ari dira Paiportako Udalari laguntza ematen.

  • Dohaintza ekonomikoa GBGE: ES46 0182 2738 6802 0162 1936 (BBVA)// Bizum kodea: 05028 (Zero Hondakinaren F.)

Horrekin guztiareki, une honetan, herritarrei jarraitzea gomendatzen zaien jarraibideak honako hauek dira:

ZER EGIN?

  • Egoeraren eta beharrizanen berri jaso.
  • Egoera hauei erantzuteko gai diren eta eragindako eremuetan presentzia duten erakundeei dohaintza ekonomikoak egin.
  • Egoera honetan laguntzen duten euskal erakundeetan boluntario egin.

ZER SAIHESTU?

  • Gauzazko dohaintzak egitea.
  • Norbere kabuz jardutea, larrialdietan eta ekintza humanitarioan espezializatutako erakundeekin harremanetan jarri gabe.
  • Kaltetutako eremuetara joatea,

BizkaiaGaratik tokian bertan lan egiten ari diren nazioko eta tokiko boluntariotza-erakunde eta -plataformekin eta Bizkaiko eta EAEko erakunde eta instituzioekin beharrezko komunikazio-bideak mantentzen jarraitzen dugu, gure lurraldetik helaraz dezakegun laguntza koordinatzeko, eta aktibatutako laguntza-ekimen guztiei buruzko informazio gehiago ematen jarraituko dizuegu.

Eskertu nahi ditugu egun hauetan BizkaiaGara-n lagundu nahi izan duten pertsonengandik eta erakundeengandik jasotzen ari garen elkartasun adierazpen guztiak.

Ekintza garaia da!

info@bizkaiagara.eus