Interesa duten pertsonek izena eman dezakete jada Butroeko itsasadarraren eta Plentziako eta Gorlizko badiaren ingurua garbitzeko eta kontserbatzeko jardueretan.
Zabalik dago BizkaiaGara Egunean izena emateko epea
BizkaiaGara Egunean izena emateko epea zabalik dago jada. Herritarren parte-hartzea ardatz duen ekitaldi hau datorren igandean, irailaren 22an, egingo da Butroeko itsasadarrean eta Plentziako eta Gorlizko badian, eta aukera paregabea izango da Bizkaiko ingurune naturala modu kolektiboan hobetzen laguntzeko.
Adin eta publiko guztientzat dago diseinatuta ekimena, eta familiak, kuadrillak eta taldeak aktibatzen saiatuko da, itsasoa eta gure inguruak zaintzeko duten konpromisoa balioan jartzeko.
Ekimenarekin bat egiteko, interesdunek www.bizkaiagaraeguna.bizkaiagara.eus web orri ofizialean izena eman dezakete, eta bertan, izena emateko formularioa betetzeaz gain, programazio osoa kontsultatu eta egunean zehar egingo diren jarduerei buruzko xehetasunak eskuratu ahal izango dituzte.
Programatutako jardueren artean, nabarmentzekoak dira kayak eta SUP bidezko garbiketa-lanak Butroe itsasadarretik, eta hiri-garbiketa bat Plentzia eta Gorliz lotzen dituen pasealekutik.
Garbiketa jarduerez gain, ingurumenari buruzko sentsibilizazioa eta kontzientziazioa ere helburu ditu ekitaldiak. Hori dela eta, dibulgazio zientifikoko hitzaldiak, tailerrak, jolasak eta beste hainbat sorpresa ere izango dira jardunaldian.
Aurten, BizkaiaGara Egunak NAKUSARBE, ASOCIACIÓN TANTAK, GOAZEN UP, MAREFONDUM-OCEANIDAS, MATER eta OLA SIN PLÁSTICOS, erakundeen laguntza izango du, baita Red SARE BERDEAK eta BIZKAIKO FORU ALDUNDIAREN laguntza ere.
Guztien babesarekin eta herritarren parte-hartze aktiboarekin, ekitaldiak ingurunearen kontserbazioan eragin positiboa izatea espero da, Bizkaiko komunitatearentzat etorkizun iraunkorragoa eraikitzen lagunduz.
Jardunaldi honetan parte hartu eta Bizkaia garbiago eta jasangarriago baten alde egin nahi baduzu, eman izena orain eta bat egin!