Begoña Zuluaga Uribasterra

Gaur egun, ezin dugu ahaztu ingurumena hondatzen ari dela, eta, uste dut, eskala txikian bada ere, guztiok egin dezakegula zerbait egoera hobetzeko.

Boluntarioa Lurgaia Fundazioan

Begoña Zuluaga Uribasterraren argazkia

La vela que nunca deja de iluminar

Nire izena Begoña Zuluaga da, 61 urte ditut eta Barakaldon bizi naiz. Gaur egun, etxean eta mendekotasuna duen senide bat zaintzen lan egiten dut.

Betidanik interesatu izan zait naturarekin zerikusia duen guztia.

Gaur egun, ezin dugu ahaztu ingurumena hondatzen ari dela, eta, uste dut, eskala txikian bada ere, guztiok egin dezakegula zerbait egoera hobetzeko.

Beraz, duela urte batzuetatik hona, lankidetza aktiboagoa gauzatu eta nire hondar-alea ekartzea erabaki dut.

 

Euskal Herriko basoak berreskuratzen

Nire lankidetza eskaintzen diodan erakundea lagun baten bidez ezagutu nuen. Lurgaia Fundazioa da (www.lurgaia.org), ekosistemak, batez ere basoak, berreskuratzen dituen GKE bat, eta duen proiektu nagusia Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako harizti misto handiena, Undabasoko basoa, sortzea da.

Fundazioak jarduera asko antolatzen ditu, bere kontura edo udalekin eta beste erakunde batzuekin elkarlanean. Nik ezagutzen ditudanei buruz baino ez dizuet hitz egingo.

Lurgaiarekin lankidetzan aritu naiz, gehienetan, zuhaitz eta zuhaixka autoktonoak landatzen basoa birsortzeko. Gustatzen zaidana da baso hori ez dela erabiliko onura ateratzeko, baizik eta, “besterik gabe”, naturak bere bideari jarrai diezaion. Niretzat pozgarria izan zen boluntarioz osatutako talde bateko kideok goiz batean laurehun zuhaitz baino gehiago nola landatu genituen ikustea.

Horrekin guztiarekin batera, urte gutxiren buruan gure ingurune naturala eta paisaia nabarmen aldatu duten espezie exotiko inbaditzaileak kendu beharra dago. Horretarako, espezie horiek ezabatzeko jardunaldiak ere antolatu ditu Lurgaiak.

Eta, azkenik, Ibaizabal ibaiaren ertzak garbitzen ere lagundu dugu, La Peña auzotik pasatzen den zatian, eta uda honetan gauza bera egin dugu Gaztelugatxeko Donieneko hondartzan. Oso bitxia da leku desberdinetan pilatzen diren hondakinen arteko aldea egiaztatzea. Ez dute herritarrek soilik kutsatzen. Ikusi ahal izan dut arrantza-industriak, beste edozein industriak bezala, gure kostaldera datozen eta kentzeko oso zailak diren hondakinak sortzen dituela.

Kontatu dizuedan hau guztia gure astialdiko goiz bat eskaintzeko ahalegina besterik eskatzen ez duten jarduerak dira. Asko gustatzen zait adin guztietako jendea nola animatzen den eta giro jatorra nola sortzen den ikustea. Batzuetan, haurrekin ere antolatzen dira jardunaldiak, eta primeran pasatzen dute. Ez nuen esateko asmorik, ez delako hori helburua, baina zer gustura hartzen den lanaldiaren amaieran eskaini ohi diguten mokadua!

Beti poztu naiz lankidetzan aritu naizelako, eta beti ikasten ditugu gauzak Lurgaiako taldearen aldetik. Horrenbestez, zorionak eman nahi dizkiet beren ahaleginagatik eta arduragatik.

Izena: Begoña

Adina: 61

Udalerria: Barakaldo