Europako Boluntariotza Zerbitzuaren oroitzapen ezabaezina geratu zait
Ion dut izena eta 2004. urtean Galesera (Erresuma Batua) joan nintzen Boluntaren (orain BizkaiaGara) eta Europako Boluntariotza Zerbitzuaren (EVS) bitartez antolatutako sei hilabeteko boluntariotza programa batean parte hartzera. Orduan 24 urte nituen.
Galesera bidaiatzea erabaki nuen une hartan lanik gabe geratu nintzelako eta ingelesa ikasi nahi nuelako. Hara iristean, Galesen GKE bat zuen senar-emazte xarmagarri batek harrera egin zidan eta nire proiektukideak izango zirenak aurkeztu zizkidaten. Europako herrialde ezberdinetako 20 gazte inguru ginen. Denak elkarrekin bizi ginen Cardiffeko Whitchurch ospitaleko gela batzuetan, ospitaleko eremu batean (west homes) ostatu hartzeko tokirik ez zuten erizain eta medikuentzat. Hasiera-hasieratik oso ondo moldatu nintzen boluntariotza partekatzea egokitu zitzaidan jendearekin, eta maitasun handiz gogoratzen ditut denak. Haietakoren batekin harremanetan nago oraindik!
Gutariko bakoitzak boluntariotza proiektu desberdin batean parte hartzen genuen. Niri hiriko erdigunera joatea egokitu zitzaidan egunero, St Davids ospitaleko eguneko zentroan jarduerak antolatzeko. Hasieran esperientzia oso interesgarria iruditu zitzaidan, nahiz eta hilabeteek aurrera egin ahala errutinazko kontu bihurtu zen.
Boluntariotza amaitzean, Galesen pixka bat gehiago geratzea erabaki nuen, eta han eman nituen nire bizitzako lau urte. Lau urte, mugarri bat izan zen niretzat. Nik EHUn ikasi nuen, etxetik gertu, eta hogeita bat urterekin Galesera bidaiatzea hizkuntza bat ikasteaz edo beste kultura bat ezagutzeaz gain, espabilatu behar izan nuen dezente (etxeko lanak egin, lana bilatu, bestelako jendearekin harremanak izan,...). Urteen joan etorrian etapa haren oroitzapen ezabaezina geratu zait, baita hara alde egitea erabakitzean eta EVS egitean asmatu izanaren sentsazio atsegina ere.
Uste dut gaur egun gehiago kostatuko litzaidakeela beste herrialde batean hutsetik hastea, baina une hartan irekita nengoen "abenturak" bizitzeko, eta garai polita eta zirraragarria izan zen nire bizitzan. Denboran atzera egin ahal izango banu, berriro egingo nuke EVS Boluntarekin. Mundu guztiari gomendatzen diot esperientzia berriak bizitzeko eta beste herrialde batzuk ezagutzeko. Niretzat modu bikaina izan zen hura nire konfort-eremutik atera eta gauza asko ikasteko.
Europar bolutarioren 30. Urteurrena eta Europako Elkartasun Kidegoa 10. Urteurrena ospatu nahi dugu. Maiatzaren 7an, 18:00etatik aurrera Bilbao Berrikuntza Factorian jaia ospatuko dugu. Anima zaitez boluntarioen istorioak ezagutzera eta ondo pasatzera. 18 eta 30 urte bitarteko gaztea bazara, eta Euorpan boluntario izan gura baduzu, etor zaitez!!!! Hartu zure doako plaza hemen.