Joaquin Llaguno

Haurrekin lan egiteko esperientzia oso polita izan da. Asko ikasi dute nirekin, eta nik haiekin.

Boluntarioa Gaude elkartean

Joaquin Llagunoren argazkia

Kaixo, Joaquin Llaguno naiz. Ikastetxe batean egon nintzen 16 urte bete arte; gero, Institutu bateko zereginen ikaskuntzarako gelara pasatu nintzen, eta hortik Deustuko Unibertsitateko lan-gaikuntzarako programa batera –Gaude elkarteak emana–. Gurutze Gorrian aisialdiko begirale izateko ikastaro bat ere egin dut. Hortik aurrera, boluntariotza interesatzen hasi zitzaidan, eta deitu didaten guztietan egin izan dut lan hainbat boluntariorekin. Hondartzak garbitu, parkeetako bankuak konpondu, hitzaldiak eta abar. Gaude elkartean irakurketa errazeko klub bat dugu, eta, jarduera horri esker, gauza bera egin ahal izan dut Fidias elkartean, dinamizatzaile gisa, haurrek irakurketaz nik bezainbeste goza dezaten lagunduz.

 

Haurrekin lan egiteko esperientzia oso polita izan da. Asko ikasi dute nirekin, eta nik haiekin. Elkarrekin, bizitzako hainbat gai biltzen zituzten sei liburu zoragarri irakurri ditugu. Ni taldeko dinamizatzailea nintzen, arauak jarri eta dinamikak egiten zituena, liburuak erreserbatu, liburutegian jaso taldeari eramateko eta dinamiketarako materialak erosten zituena, eurekin irakurtzeaz gain.

Irakurketarekin dinamika asko egiten genituen. Liburua irakurtzen genuenean, benetan kezkatzen gaituzten eta irakurketarekin zerikusia duten gaiei buruzko eztabaida egiten genuen. Denek adierazten zuten euren iritzia. Batzuetan ados egoten ginen eta beste batzuetan ez, baina denek elkar errespetatzen zuten. Dinamiketan, jolas asko egiten genituen. Piraten liburu batean, adibidez, altxorraren bilaketa egin genuen. Pistak jartzen genituen paperetan, eta patioan ezkutatzen genituen, haurrek aurkitu eta altxorreraino eraman zitzaten.

Horrelakoxeak ziren dinamikak; irakurketekin lotutako jarduerak, eta, horren ondorioz, haurrek interesa zuten irakurtzen ari zirenarekiko, eta, gainera, jolasekin dibertitu egiten ziren.

Umeek maitasun handia hartu didate. Bihurri jartzen hasten zirenean, animoak ematera etortzen zitzaizkidan eta ondo portatuko zirela agintzen zidaten. Ni oso pozik nengoen.

Irakurketarekin, gustatzen ez zaizkigun baina gerta daitezkeen egoerak ulertzen ikasi dugu; gezurrik ez dela esan behar ikasi dugu, beti esan behar dela egia, pertsona desberdinak daudela, baina besteek bezala sentitzen dutela, pertsonek elkar errespetatu behar dutela. Pertsonen sentimenduez eta emozioez ere hitz egin dugu. Ikasi dugun guztia baliagarria izango zaigu beti oraingo errealitaterako eta gure bizitzaren etorkizunerako.

Beti gogoratuko gara klub honetaz.