Oihana Laresgoiti

Euskeraren alde egiten dudan lana, borroka bat da, bizimodu bat, bizi irauteko bidea. Gurasoengandik jaso eta alabeei trasmititua, horrela bizi izan dut beti eta euskeraren egoera irauli ezean euskararen alde boluntarioa izateko nire modua militantzia bat izaten jarraituko du.

Usansoloko Euskara Taldeko kidea

Oihana Laresgoiti

Euskaraz bizi naiz eta horri eutsi nahiean euskararen alde lanean hasi nintzen

Gorka Urbizuren kantuak dion bezala, herri txiki batean sortu nintzen, euskara ardatz eta euskarri duen Euskal Herrian, eta horri esker naiz naizena. Badira urte batzuk Usansolora etorri nintzela bizitzera eta horma baten kontra jo izan banu bezala, kolpatu ninduen gaztelerak. Euskaraz bizi naiz eta horri eutsi nahiean euskararen alde lanean hasi nintzen. Nire alabentzat ingurune euskalduna nahi dut, euskaraz harremantzeko aukera emango duena.

Kezkatuta, eskolako Euskara Batzordea sortu genuen, ezinegon berdina partekatzen genuen guraso talde batek. Argi dugu, gure haurrak euskaraz harremantzeko guk eredu izan behar dugula, kontzientzia hartu beharra dagoela eta guztion artean eraiki, bai euskal eskola publikoa zein herri euskalduna. Eskola herriari lotuta dago eta hala behar du izan, haurrak dira herriaren etorkizuna.

Aukera aurkeztu zitzaidanean, pauso txiki bat eman eta herriko euskara taldera eman nuen jauzia. Jende berria sartu ginen eta urtetan egindako lanarekin jarraitzeko taldetxoa osatu genuen.

Urtebetera zer eta euskaraldiaren 4. edizioa aurkeztu zitzaigun. Usansolok herri bezala biziko duen lehenbiziko Euskaraldiaren aurrean gaude. Euskara taldean, argi dugu bertan parte hartu eta herri bezala izena eman beharra genuela, ondorioz, Usansoloko udalarekin harremanetan jarri ginen. Udalak Euskaraldian izen eman eta Euskara Taldeak Euskaraldiko herri mailako dinamizatzaile papera hartu du. Deialdi ireki baten bitartez Euskaraldiko batzordea eratu dugu herritar eta elkarte batzuetako ordezkariz osatua.

Orduandik, Euskaraldiaren inguruan antolatuko diren emanaldi, jai egunak, hitzaldiak, komunikazio bideak eta ekintzak prestatzen dihardugu. Entitateen izen emateak izan ziren lehenbizikoak, elkarteak informatu eta parte hartzera bultzatu genituen. Euskaraldiko aurkezpena egin genuen ondoren, herriko hamaikakoa plazaratu eta bertso kalejiraz herria girotu genuen. Norbanakoen izen emateak martxan direnez, mahai informatiboa jarri izan dugu eta sare sozialak sutan ditugu, 500 baietz lelopean. 500 izen emate lortu nahi ditugu, aurreko edizioetako izen emate kopurua gainditzeko. Herriari jarritako erronka hau posible ikusten dugu, baina, lan handia eskatzen du borobildutako kopurua lortzeak. Baina, benetako erronka ez da ariketa honetara mugatzen, haratago doa, hizkuntz ohiturak aldatu nahi dira, jendeak hartuko duen rola urte osora luzatzeko jarrera hartu behar da, euskararen aurrean prestutasuna erakutsi eta gure hizkuntzaren erabileraren aldeko autua egin.

Hilaren 29an, egun osoko festa egin genuen, herri bazkaria eta musika izan ziren nagusi. Aipatu beharra daukat, ezinbestekoa dela herriko talde eta jendearen laguntza egitaraua osatzean, uste baitugu, herritarren parte hartzea funtsezkoa dela Usansolok duen euskararekiko errealitatea aldatu eta euskarari presentzia handiagoa emateko. Herria eraldatu nahi badugu, herritik egin behar dugu. Hau dela eta, Km 0 jaia izan genuen, bertoko musikari eta sukaldariekin.

Euskaraldia Euskal Herri mailan egiten den ariketa da,baina, herri bakoitzak bere errealitate eta beharrak zeintzuk diren ikusita lan egiten du. Guk jendea inplikatu, euskarari garrantzia eman eta aurkeztutako hamaikakoarekin errealitate desberdineko jendea irudikatu dugu, egitasmo honetan guztiok kabida dugula azpimarratzeko.

Dena den, euskararen alde egiten diren ekimen guztietan bezala helburua argia da, euskarari bultzada ematea, gure herriak behar du, euskararen presentzia indartu behar da, herritarrak mugiarazi behar dira, kontzientzia hartu behar da eta euskara biziberritu behar dugu.

Euskaldunok euskararekiko dugun harremana sufrimenduzkoa eta gozamenezkoa da aldi berean, euskarak kolpe ugari jaso ditu eta egoera larrian dagoela esan dezakegu. Sarri estresa sortzen dit jendearengana euskaraz zuzendu eta horretan mantentzeak, eztabaidak eta hitz desegokiak jasoa naiz. Baina, Maite dut euskara, nirea da, zoriontsu egiten nau eta itolarritik atera eta arnasa hartu nahi dut, lasaitasunez euskaraz bizi nahi dut.

Euskeraren alde egiten dudan lana, borroka bat da, bizimodu bat, bizi irauteko bidea. Gurasoengandik jaso eta alabeei trasmititua, horrela bizi izan dut beti eta euskeraren egoera irauli ezean euskararen alde boluntarioa izateko nire modua militantzia bat izaten jarraituko du.