Irabazi-asmorik gabeko erakundeek ordaindutako langileak kontrata ditzakete? Nola?

Hala elkarteek nola irabazi-asmorik gabeko gainerako erakundeek kontratatutako pertsonak izan ditzakete, legez. Erakunde askotan, profesionalek egiten dute lan, eta profesional horiek besteren konturako langile kontratatuak (langileak), norbere kontura lan egiten duten profesional independenteak (autonomoak) eta laguntzaile edo boluntarioak izan daitezke.
Azken horien kasuan, ez da langile-kontratazio bat izaten, ekintza boluntario bat baizik. (Laguntzaileak/boluntarioak izanez gero, boluntariotzari buruzko legea errespetatu beharko litzateke, eta, beraz, boluntarioek ez lituzkete ordain daitezkeen lanpostuak bete beharko).

Pertsona bat lanerako kontratatzeko orduan, indarrean dagoen legeria bete beharko da, abiapuntutzat hartuta Langileen Estatutua eta aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboa, dagokion sektore ekonomikoaren eta kokapen geografikoaren arabera.
Bizkaian, adibidez, Bizkaiko Esku-Hartze Sozialeko sektoreko hitzarmen kolektiboa dugu, zeinak esku-hartze sozialaren eremuan langileen lan-baldintzak eta jarduera bera arautzen dituen. Hau da, hitzarmenaren arabera: gizarte-premiei erantzuten dieten jarduera edo ekintza guztiak, baldin eta horien helburua gizarte-bazterkeriako prozesuak arintzea edo zuzentzea eta gizarteratze-prozesuak sustatu eta bazterkeria prebenitzea bada. Baita partaidetzako eta gizarte-ehuna indartzeko jarduerak ere, hezkuntza ez-formalaren (aisialdi hezitzailea) eta animazio soziokulturalaren bidez aritzen direnean. Era berean, hitzarmen honen eraginpean egongo dira gizarte-ekintza, gizarte- eta lan-arloa, gizarte- eta osasun-arloa, gizarte- eta kultura-arloa (gizarte-partaidetzako prozesuak, animazio soziokulturaleko eredu batetik) eta gizarte- eta hezkuntza-arloa (aisialdi hezitzailea eta hezkuntza ez-formala). Irabazi-asmorik gabeko erakunde batean besteren kontura kontratatzeko urratsak/betebeharrak beste edozein erakunde edo pertsonarentzat dauden berberak dira:

  • ENTITATEARI Gizarte Segurantzan ALTA EGITEA
  • Kontratatu beharreko pertsonaren Gizarte Segurantzako zenbakia eskatzea (halakorik ez badu, eskatu egin beharko du) eta pertsonari ALTA egitea Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean.
  • Lan-harremana formalizatzea: LAN-KONTRATUA sinatzea eta SEPEn aurkeztea.

Lan-harremana formalizatu ondoren, hainbat izapide/betebehar ere egongo dira kontratuaren indarraldi osoan: nominak prestatzea, soldata ordaintzea, Gizarte Segurantzaren eta PFEZren atxikipenak eta horiei dagozkien diru-sarrerak/aitorpenak egitea Gizarte Segurantzaren Diruzaintzan eta Foru Ogasunean, langileari PFEZren urteko ziurtagiriak ematea...