2000ko irailaren 1eko 169/2000 Dekretuak honako hauek jasotzen ditu: Euskal Autonomia Erkidegoko Boluntariotza Erakundeen Errolda Orokorraren funtzionamendu-araudia, erakundeak inskribatzeko dokumentua eta prozedura, eta erakundearen eta boluntarioaren arteko idatzizko konpromisoaren eredu normalizatua sortzea.
Dekretu horren arabera, bere helburu sozial guztiak edo batzuk betetzeko boluntarioak dituen edozein erakundek du eskubidea Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorrean izena emateko, bere estatutuetan adierazitakoari jarraiki. Hortik aurrera, eskubidea izango luke ordezkatuta egoteko, baita Boluntariotzaren Euskal Kontseiluko kide izateko ere.
Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorraren bidez, jakin nahi da gure autonomia-erkidegoan zenbat boluntariotza-erakunde dagoen eta haien osaera zein den. Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorrean, boluntariotzako erakundeak deiturikoez gain —hau da, 17/1998 Legearen 8.2 artikuluaren arabera gehienbat boluntarioek osatzen dituzten eta beren programa edo ekintza-proiektu gehienak funtsean boluntarioen bidez garatzen dituztenez gain—, inskribatuko dira, izaera hori eduki gabe, beren jardueren artean boluntarioek parte hartzen duten programak dituzten erakundeak. Erakunde horiek behar bezala erregistratuta egongo dira EAEren eskumeneko elkarte, fundazio edo kirol-elkarteen erregistroetan; eta, hala behar denean, beren eraketa eta egoitza soziala dela-eta, antzeko erregistroetan egongo dira inskribatuta.
Kasu guztietan, honako baldintza hauek bete beharko dituzte, erakunde horien forma juridikoa edozein dela ere:
1. Legez eratuta egotea.
2. Berezko nortasun juridikoa izatea.
3. Irabazi-asmorik ez izatea.
4. Programak edo proiektuak garatzea, Boluntariotzari buruzko ekainaren 25eko 17/1998 Legearen 3. artikuluan definitutako interes orokorreko jardueren esparruan.
5. EAEren eskumeneko elkarte, fundazio edo kirol-elkarteen erregistroetan behar bezala erregistratuta egotea, eta, hala behar denean, beren eraketa eta egoitza soziala dela-eta, antzeko erregistroetan inskribatuta egotea, hala estatuko, nola autonomia-erkidegokoetan.
Izena emateko, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira Boluntariotzako Erakundeen Erroldan, online edo aurrez aurre:
• Erroldan inskribatzeko eskaera, erakundeko presidenteak (edo legezko ordezkari gisa egiaztatutako pertsonak) sinatuta.
• Eskatzailearen legezko ordezkaritzaren egiaztagiria (eskatzailea erakundearen presidente edo legezko ordezkari gisa identifikatzen duen dokumentua).
• Eskaera egiten duen erakundea dagokion erregistroan inskribatu dela egiaztatzen duen agiria.
• Erakundearen estatutuen kopia.
• Erakundeko boluntarioen barne-estatutuaren kopia, gutxienez honako alderdi hauek jasoko dituena:
o Onartzeko irizpideak.
o Baztertzeko irizpideak.
o Boluntarioen eskubideak.
o Boluntarioen betebeharrak (ikus II. eranskina).
• Bi arrisku-mota desberdin estaltzen dituen aseguru-poliza (edo polizak):
o Kalte-galerak - Erantzukizun zibila (> = 300.506,05 €).
o Osasun-laguntza, heriotza eta baliaezintasuna, boluntarioek izandako istripuengatik.
o Garrantzitsua: polizez gain, honako hauek ere aurkeztu beharko dira:
- Bi polizen uneko urteko ordainagirien kopia.
- Polizek estalitako aseguratuen zerrenda.
• Adingabeekin harremana izan ohi duten proiektuetan (halakorik badago) lan egiten / laguntzen dutenek sexu-deliturik ez dutela egiaztatzen duen ziurtagiria.
Boluntariotzako erakundeek, nahi izanez gero, inskripzioa egingo dute, eta horrek aukera emango die Boluntariotzaren Euskal Kontseiluan parte hartzeko, eta, orobat, administrazio publikoek beren eskumenen esparruan egiten dituzten sustapen-neurriak eta diruz lagundu daitezkeen programak eskuratzeko.
Boluntariotzako Erakundeen Errolda kudeatzea eta antolatzea Eusko Jaurlaritzaren eskumena da, eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren bidez egiten du.