Zer erakundek bete behar dituzte boluntariotza-legeak?

Boluntariotzaren legeen helburua hirukoitza da; alde batetik, borondatezko gizarte-ekintza aldarrikatu eta defendatzea, herritarren konpromisorako eta partaidetzarako bitarteko garrantzitsu gisa; bestetik, boluntarioen eta haien erakundeen arteko harremana arautuko duten gutxieneko irizpideak bermatzea; eta, azkenik, botere instituzionalek borondatezko ekintza maila guztietan aitortu, sustatu eta bultzatzeko duten betebeharra onartzea. Nazioarteko, Europako, estatuko eta autonomia-erkidegoko legeria dago.

Boluntariotzaren Estatuko Legearen (45/2015 Legea) aplikazio-eremua Estatuko edo autonomiaz gaindiko programetan parte hartzen duten edo halakoak gauzatzen dituzten boluntario eta erakundeetara mugatzen da, bai eta Estatuaren eskumen esklusiboko jarduera jakin batzuetan parte hartzen dutenetara ere. Autonomia-erkidegoek beren legeak onartu dituzte urteetan zehar; gure autonomia-erkidegoan, 17/1998 Legea, ekainaren 25ekoa, Boluntarioei Buruzkoa (pdf) daukagu.

Boluntarioak dituzten eta interes orokorreko jarduerak (gizartearen edo pertsonaren aldekoak) egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko erakunde guztiak daude lege horien eraginpean. Legearen arabera, hauek dira interes orokorreko jarduerak: “Laguntzakoak, gizarte-zerbitzuetakoak, zibikoak, hezkuntzaren arlokoak, kulturalak, zientifikoak, kirolekoak, osasun-arlokoak, garapenerako lankidetzakoak, ingurumena babestekoak, ekonomia edo ikerketa defendatzekoak, elkarte-bizitza garatzekoak, boluntariotza sustatzekoak, eta antzeko izaera duen beste edozein”.