Boluntarioei buruzko Euskadiko Legeak dio (8. artikuluan, 4. puntuan, g atalean) erakundeen betebeharretako bat dela Boluntarioari berak egindako lanak egiaztatzen dituen agiri bat egitea. Horrek esan nahi du boluntarioek eskubidea dutela erakundeari egiaztagiri hori eskatzeko, beharrezkotzat jotzen dutenean.
Egiaztagiri horrek ez dauka, legearen arabera, inolako derrigorrezko edukirik, baina agerikoa da gutxienez hau jaso beharko lukeela:
• Boluntarioaren legezko identifikazioa
• Egiaztagiria ematen duen entitatearen legezko datuak, arduradunaren sinadura eta guzti
• Erakundean egindako boluntariotza-jarduera, gutxienez zereginak eta funtzioak adierazita
• Boluntariotza-jardueraren iraupena eta horretan emandako denbora, ordu-kopuru zehatza adierazteko beharrik gabe (adibidez, astean bi ordu urtebetez / 2022ko irailetik 2023ko ekainera, etab.).
• Egiaztagiria eman den data
Printzipioz, ez legoke besterik jarri behar egiaztagiri horretan, baina boluntarioak egiaztagiria eskatzen badigu instituzio edo enpresa batean aurkezteko, kredituak aitortzeko xedez (ikasketen kasuan) edo curriculumean gehitzekoaz (enplegu-eskarien kasuan), komenigarria da bere zeregin boluntarioan landu dituen trebetasun edo gaitasunak ere adieraztea, baita bere jardunean emandako maila ere.