Elkarte bat eratzeko, lau oinarrizko ezaugarri bete behar dira.
- Pertsona juridikoa: zenbait pertsona edo kolektibok osatua.
- Interes partekatua: elkartutako pertsonek partekatzen duten helburu partikular edo orokor batekin sortzen da.
- Irabazi-asmorik gabea: elkarteak dituen etekinak, ondarea, dirua eta abar ezin dira bazkideen artean banatu, eta elkartearen helburua betetzeko erabili behar dira.
- Funtzionamendu demokratikoa: bazkide guztiek eskubide eta betebehar berberak dituzte, eta Batzar Nagusia da organo erabakitzaile nagusia.
Edozein pertsona fisiko edo juridikok sor dezake elkarte bat, baldintza hauek beteta:
- Sustatzaileak adinez nagusiak, emantzipatutako adingabeak (16 urtetik gorakoak eta beren kontura bizi direnak) edo legezko tutoreen baimena duten emantzipatu gabeko adingabeak izatea.
- Jarduteko gaitasuna izatea eta beren egintzen erantzukizun juridikoa izatea.
- Beste pertsona edo erakunde batzuekin batera, hiru edo gehiago badira.
Atzerritarrek (pertsona fisikoei dagokienez) elkarteak sortzeko edo horietan parte hartzeko eskubidea dute, kasu bakoitzean aplikatzekoa den legeriari jarraikiz, betiere.
Elkarte bat sortzeko baldintzak betetzen direnean, prozedura hau bete behar da:
- Elkartea eratzeko bilera, fundatzaile guztien artean: erakundearen ESTATUTUAK bozkatuko dira eta Zuzendaritza Batzordeko karguak aukeratuko dira.
- Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistroan INSKRIBATZEKO online eskabidea: eskatzen den dokumentazioa erantsi behar da (ERATZE AKTA eta ESTATUTUAK, fundatzaileen datu eta sinadurekin), PDF formatuan. Gainera, elektronikoki identifikatu behar da eskabidea online bete ahal izateko.