Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistemaren Aldaketari buruzko 8/2015 Lege Organikoan, eta Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistemaren Aldaketari buruzko 26/2015 Legean, honakoa xedatzen da bertako artikuluetan:
«Adingabeekin ohiko harremana izatea dakarten lanbideetan, ofizioetan eta jardueretan sartzeko eta aritzeko, beharrezkoa izango da epai irmo bidez kondenatua izan ez izana sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik (sexu-erasoa eta -abusua, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa eta sexu-esplotazioa, adingabeak galbidean jartzea eta gizakien salerosketa). Horretarako, lanbide, ofizio edo jarduera horietara sartu nahi duenak egoera hori egiaztatu beharko du Sexu Delitugileen eta Gizaki-salerosketen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztuz.»
Hori dela eta, adingabeekin lan egiten dugun hirugarren sektoreko erakundeok ziurtagiri hori derrigorrean eskatu beharko diegu adingabeekin ohiko harremana daukaten guztiei, hau da, boluntarioei nahiz ordainpekoei.
ZERTAN DATZA SEXU-DELITUGILEEN ETA GIZAKIEN SALEROSKETAREN ERREGISTROKO ZIURTAGIRI NEGATIBOA, ETA NOLA ESKATZEN DA?
Ziurtagiria paperezko agiria izango da, eta Sexu Delitugileen eta Gizaki-Salerosketen Erregistroak* egingo du. Bertan, hain zuzen ere, pertsona horrek aipatutako delituengatiko aurrekari penalik ez daukala ziurtatu beharko da. Pertsona horrek horrelako delituengatiko aurrekari penalik balitu (erregistro horretan agertuko litzateke eta beraz ziurtagiria positiboa izango litzateke), ezin izango genuke erakundean onartu.
Ziurtagiria doakoa da, eta pertsonak berak edo, hala badagokio, ikastetxe/erakunde interesdunak berak eskatu ahal izango du (pertsonaren baimena eskatuta bakarrik).
Nolanahi ere, ziurtagiriak bitarteko elektronikoen bidez eskatu, eman eta eskuratuko dira, ahal dela, indarrean dagoen araudiaren arabera.
Eskaera egiteko moduari buruzko informazioa
* 407/2024 Errege Dekretua, apirilaren 23koa, Sexu Delitugileen Erregistro Zentrala arautzen duen abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretua aldatzen duena.