17/1998 Legeak, ekainaren 25ekoak, Boluntarioei Buruzkoak, bere 8. artikuluaren 4. apartatuko e) letran ezarritakoari jarraikiz, “boluntarioak dituzten erakundeek, edozein lege-ereduri dagozkiola ere, boluntarioentzako aseguru-poliza sinatu behar dute, boluntarioei osasun-laguntzagatiko, heriotzagatiko eta baliaezintasunagatiko estaldura bermatzeko, bai eta beren jarduera gauzatzean hirugarrenei eragin diezazkieketen kalte-galerak estaltzeko ere”.
Horretarako sinatutako erantzukizun zibileko polizak gutxienez 50 milioi pezetako (300.506,05 euro) kapital aseguratua izango du. Legearen arabera, nahitaezkoa da Boluntariotzaren Aseguruak bi alderdi hauek estaltzea:
- Boluntarioak bere jardunean hirugarrenei eragin diezazkiekeen kalteen erantzukizun zibila
- Osasun-laguntza, borondatezko ekintzan izandako istripuengatiko heriotza edo baliaezintasuna
Beraz, boluntariotzaren aseguruak izenezkoa izan behar du (pertsona/izen bakoitzeko aseguru bat), nahiz eta batzuetan aseguru-etxeek aukera ematen duten urteko prima bat ordaintzeko pertsona-kopuru jakin baten truke (adibidez, 20), eta estalitako pertsonen izenen zerrenda norbait sartzen den bakoitzean edo norbaiten baja egitean eguneratzen da. Halakoetan, oso garrantzitsua da zerrenda eguneratuta izatea (eta aseguruari jakinarazi izana), estaldura-arazorik ez izateko.