Beste partida (Munduko Txapelketatik harago)

Egunotan hasi da Munduko Futbol Txapelketa, mundu osoko milioika zalek jarraitzen duten ekitaldi globala. Egun interesgarriak dira, bereziki partida bakoitza jarraitzen dutenentzat, baina baita urrunagotik bizi dutenentzat ere.

Beste partida (Munduko Txapelketatik harago)

Nerea Uriarte Goitia - Euskadiko GGKEen Koordinakundeko lehendakaria

Laster iritsiko da kanporaketa fasea, eta garaikurra jokatuko dute Ipar Globaleko zein Hego Globala deritzogunaren parte diren herrialde pobretuetako selekzio handiek. Oraingoz, faboritoek motorrak berotzen dituzten bitartean, guk, garapenerako euskal GKEok, Hego Globaleko herrialde askotan ikusten dugun errealitatearekin alderatzen ditugu partida horiek.

Gaur goizaldean, adibidez, batzuk Brasil-Haiti partidaz gozatzen ari ziren bitartean, guk beste zeozer genuen gogoan: gaur egun jatorri haitiarreko 1.200.000 pertsona baino gehiago daudela ACNURen babespean, munduko hainbat lekutan errefuxiatuak edo Karibeko herrialdean bertan desplazatuak. Ziur aski, ostegunean Uzbekistan-Kolonbia ikusi zuten pertsona askok ez dute jakingo azken hori dela lurraren eta ingurumenaren defendatzaileentzako herrialderik hilgarriena, 2024an horrekin lotutako 48 hilketa izan baitziren, Global Witness-en arabera.

Nazioarteko lankidetzan eta elkartasunean dihardugunontzat oso zaila da beste aldera begiratzea. Gaur, ekainaren 20an, Errefuxiatuen Munduko Egunean, ezinezkoa egiten zaigu ahaztea 2025ean 117 milioi pertsona zeudela etxetik kanpo, ihes egitera behartuta jazarpenagatik, gatazkengatik, giza eskubideen urraketengatik edo nahitaez lekualdatzeko beste arrazoi batzuengatik.

ACNURen arabera, gerra eta ingurumen krisia dira exodo masibo horren arduradun nagusiak; baina horiei gehitu behar zaie giza eskubideentzako beste krisi larri bat: espazio zibikoaren itxiera. V-Dem institutuaren arabera, munduko biztanleriaren %70 baino gehiago bizi da espazio zibikoa zapalduta edo itxita dagoen herrialdetan, hau da, eskubide zibil eta politikoak erabat gauzatu ezin diren lekuetan; eta soilik biztanleriaren %4 bizi da espazio zibiko irekietan.

Euskal GGKEok denbora daramagu eskubideen aurkako olatuaz ohartarazten, eta ez bakarrik Hego Globalean. Europan ere espazio zibikoa estutzen ari dela adierazten duten seinaleak dira, besteak beste, Erresuma Batuan edo Alemanian Palestinaren aldeko manifestazioak debekatzea, edo Loiuko aireportuan polizia-indarkeria erabili izana Global Sumud Flotillako kideen aurka. Izan ere, gure kontinentean, eremu zibiko erabat edo partzialki ireki batean bizi ziren pertsonen ehunekoa %63koa zen pandemia baino lehen, baina 2025erako %29raino jaitsi zen.

Hemendik gertu, Extremaduran eta Aragoin, PP eta Vox-en arteko itunak minimoetara murriztuko du garapenerako nazioarteko lankidetza politika, giza eskubideak trukerako txanpon bihurtuz eta zaurgarritasun egoeran dauden milioika pertsonaren babesa arriskuan jarriz. Eraso horiek estatu osora zabaltzeko arriskua dago, eta GGKEek eta koordinakunde autonomikoek kanpaina bat jarri dugu abian, Munduko Txapelketaren testuinguruan ere aldarrikatzeko lankidetza, justizia soziala, antirrazismoa, elkarbizitza... ezin direla trukerako txanpon izan negoziazioetan. Elkartasuna normalena da, gure amamek eta aititeek erakutsi zigutena. Arraroa dena da hori gogorarazi behar izatea, eta eraso horien aurrean defendatu behar izatea.

Nolabait, metaforikoki bada ere, Munduko Txapelketa honek zerikusi handia du munduko herriok bizitzen ari garenarekin; baina garaikur baten ordez, estadioetatik kanpo askoz baliotsuagoa den zerbait jokatzen ari gara, hamarkadaz hamarkada eraikitzen joan den zerbait: gizarte aske bat, non pertsona eta komunitate bakoitzak bere oinarrizko eskubideak aitortuta izango dituen. Eta oraindik ere asko dago egiteko. Partida hori bizitzak salbatzeari buruzkoa eta giza eskubideak babestu eta indartzeari buruzkoa da. Egunero, partida horretako jokaldi bakoitzaren parte gara GGKEok, eta badakigu zer dagoen jokoan; eta badakigu, halaber, oraingoz galtzen ari garela.

100.000 pertsona baino gehiagoko oinarri sozialarekin, Euskadiko GGKEen Koordinakundea osatzen dugun 85 erakundeok munduko 69 herrialdetan ari gara lanean, giza eskubideak, justizia soziala eta demokrazia defendatzen eta indartzen laguntzeko. Tokiko erakundeekin elkarlanean, euskal lankidetzak komunitate horiek epe luzera indartzeko helburua du, 949 proiekturen bidez, hainbat arlotan: osasuna; nutrizioa; hezkuntza; ur-zerbitzuen hornidura, saneamendua eta higienea; haurren babesa; emakumeen eta LGTBIQ+ pertsonen ahalduntzea; giza eskubideen defentsa...

Urtarrilaren 15ean, Nazio Batuen Batzar Nagusiaren aurrean, Antonio Guterresek esan zuen: «Batzuek zainketa intentsiboetako gela batean jarri nahi dute nazioarteko lankidetza. Ziurtatzen dizuet ez dugula amore emango». Koordinakunde hau osatzen dugun euskal GGKEok ere ez dugu egingo.