Euskara gara. Ozen aldarrikatu dugu Euskal Herriko kaleetan, martxoaren 19an Atharratzetik abiatuta 29an Bilbora iritsi bitartean. Euskara erdigunera ekarri dugu, eta, gurekin batera, Korrikara batu diren milaka euskaltzaleek, euskaldunek eta, euren artean, bizkaitarrek.
EUSKARA GARA, BIZKAIA GARA
Ane Elordi Alburquerque - Korrika arduraduna
Xiberutikan mendebaldera abestu dugu; bizkaitarrok Ondarroan egin genion ongietorri 24. KORRIKAri. Eskualdez eskualde, lekukoa eskuz eskuz igaro da, kostaldea zeharkatu dugu, baita barrualdea ere, azkenik Bilboraino heltzeko. Izan ere, zein garrantzitsua den Bizkaiko hiriburuan euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzea! Euskaraz harro bizi nahi duen jendarte aktibatuaren erakustaldi izugarria izan zen; eta horrek indarra ematen digu aurrera egin eta Korrikatik harago ere euskaraz bizi izateko.
Euskara eta komunitatea batu dira Korrikaren bueltan; ala euskarak batzen du komunitatea? Euskararen herria josi dugu egunez egun, eta askotariko euskaldunak erakarri ditugu: etxetik jaso izan dutenak, euskaltegietan ikasi dutenak, kalean euskalduntzen ari direnak eta/edo Berbalagunen zein antzeko egitasmoetan dihardutenak. Horiek guztiak aktibatu ditu Korrikak, eta gure hizkuntzaren epeltasunera gerturatu dira. Euskarak eta Korrikak behar dituzte Mikel, Sonia, Galay eta Aichetu; Lekeition, Zallan, Bilbon eta Elorrion. Kaleko aniztasunaren isla da Korrika; euskarak batzen gaitu eta batuko gaitu.
KORRIKAk herri-nortasunean eragiten du, motibazioan, sentimenduetan; alaia eta kolektiboa da. Guztiok gura dugu aldarrikapen-egitasmoaren parte izan, gure tokia bilatu, komunitate honen parte garela sentitu. Korrika auzolan erraldoia da: euskara ardatz, herriaren aktibazioa eta partaidetza behar ditu. Askotarikoak dira horretarako moduak, norberaren ekarpena egitea da kontua: Korrika Laguntzaile izan, herrietako batzordeetan parte hartu, lekuko-hartzeak eskuratu, kultura-jardueretara gerturatu eta/edo, lekukoa igarotzean, espaloitik ikusi eta babestu.
Bi urterik behin, Euskal Herriko kaleak hartzen ditugu hamaika egunez, nahiz eta beroketa-lanek hilabeteak iraun eta lehenago hasi. Prestaketa-garaia aktibazio- eta kontzientziazio-sasoia da, eta gogoa da horretarako oinarria. Horixe da Korrikaren alde egiteko eta euskarara batzeko behar den gauza bakarra. Egun, garaiak aldatuz doaz, hausnartu beharra dago nola egokitu garai berrietara. Euskalduna izatea hautu kontzientea da gaur egun, eta estu lotuta dago emozioei, afektuei zein atxikimenduari. Afektuei esker konprometitzen gara, aktibatzen gara eta parte hartzen dugu. 24. KORRIKAren lekuko barruko mezuak honela dio: “Zenbat gara? galdetzen genuenok nortzuk garen ere jakin nahi dugu orain. Nondik garen, zergatik egiten dugun hau guztia, zerk sortzen duen gutasuna. Euskara gara diogu, ez euskara naiz. Komunitateaz ari gara. Beso-zabalik dagoen gorputzaz, zeinak leihoak dituen begietan”.
Martxoaren 29an, Korrikaren olatuak goia jo zuen Bilbon, eta ondoko egunetan aparraren gazi-gozoan murgilduta egon ginen. Indarberritu gara, eta eguneroko jardunera itzuli gara AEKn: euskaltegietara, euskara-eskoletara, mintzasaioetara, euskara-planetara, zuzenketa eta itzulpenetara. Euskarari 365 egun eskaini nahi dizkiogu, kontzientziatu eta aktibatu gara. Korrikak bi urterako indarra eman digu, euskara gara eta izango gara. Horretan sinesten dugu, beso-zabalik hartuko dugu euskarara datorren oro, AEKra datorren edozein.
Gurea hizkuntzaren aldeko apustua da; Korrikak barren-barrenean eragiten digu, emozioak ukitzen dizkigu eta horrela eragiten du aktibazioa. Gutako bakoitza aktibatzen da, baita komunitatea ere. Biak ala biak dira beharrezkoak. Euskararen etorkizunak eta pizkundeak guztion beharra daukate; aurrera begirako erronka dugu esku artean. Bizkai euskalduna eraiki dezagun.
Aurrera goaz. Bazatoz?