Haszten-en egunero egiten dugu lan kirola eta jarduera fisikoa gizartea eraldatzeko tresna gisa erabiliz

Nire lan-eremutik Bizkaia nola aktibatzen dudan galdetzen didatenean, burura datorkidan erantzuna erraza da: kirol eta jarduera fisikoaren esparruan aukerak sortuz, pertsonek topo egin dezaten.

Pablo Hernandez Liste

Pablo Hernandez Liste - Haszten elkartearen koordinatzaile nagusia eta sortzaileetako bat

Nire lan-eremutik Bizkaia nola aktibatzen dudan galdetzen didatenean, burura datorkidan erantzuna erraza da: kirol eta jarduera fisikoaren esparruan aukerak sortuz, pertsonek topo egin dezaten.

Askotan inklusioaz, parte-hartzeaz edo komunitateaz hitz egiten dugu kontzeptu abstraktu gisa, baina niretzat oso zentzu zehatza dute. Pertsonek esperientziak partekatzeko, baldintza berdinetan harremanak izateko eta pertenentzia-sentimendu hori garatzeko espazioak sortzea esan nahi du.

Haszten-en egunero egiten dugu lan kirola eta jarduera fisikoa gizartea eraldatzeko tresna gisa erabiliz. Hala ere, gure helburua inoiz ez da izan pertsona batek kirola edo jarduera fisikoa egitea bakarrik, eta hortik dator "Kirola baino gehiago" leloa. Praktika horren inguruan gertatzen den guztia da benetan garrantzitsua.

Urteetan zehar, Bizkaia osoko ehunka pertsona ezinduak, familiak, profesionalak, kirol erakundeak, ikastetxeak, udalak eta gizarte eragileak ezagutzeko aukera izan dut. Udalerri bakoitzean, proiektu eta elkarrizketa bakoitzean egiaztatu dut komunitate indartsuenak ez direla, nahitaez, baliabide gehien dituztenak, baizik eta pertsonak bata bestearekin inplikatzea lortzen dutenak.

Horregatik uste dut gizartea aktibatzea ez dela soilik programak edo jarduerak abiaraztea. Bizkaia aktibatzeak gure lurraldean lehendik dauden gaitasunak piztea ere esan nahi du, kirol-klubek errealitate berriei ateak ireki diezazkieten, ikastetxeek aniztasuna bizikidetzatik landu dezaten, erakundeek pertsonei entzun diezaieten eta pertsonek beraiek jakin dezaten ekarpen handia egin behar dietela ingurukoei.

Ezintasunak erakutsi dit, hain zuzen ere, pertsona guztiok behar dugula laguntza gure bizitzako uneren batean, eta guztiok dugula zerbait baliotsua eskaintzeko komunitateari. Pertsona batek kirol-talde batean parte hartzea, familia batek laguntza-sare bat aurkitzea edo udalerri batek ikuspegi inklusiboagoa izatea lortzen dugunean, ez gara pertsona jakin baten bizitza hobetzen ari, Bizkaiko gizarte-sarea indartzen ari gara.

Batzuetan indibidualismorantz bultzatzen gaituen gizarte batean bizi gara, baina aurre egin beharreko erronka handiak (nahi ez den bakardadea, zahartzea, desberdintasuna edo gizarte-bazterkeria) erantzun kolektiboetatik baino ezin dira jorratu. Elkargune gehiago behar ditugu, erakundeen arteko lankidetza handiagoa eta komunitatea aniztasunetik eraikitzeko aukera gehiago.

Horregatik, oraindik ere uste dut kirola dela daukagun tresnarik boteretsuenetako bat. Elkarren artean oso desberdinak diren pertsonak konektatzeko gai den hizkuntza unibertsala delako. Oztopoak hausten dituelako, loturak sortzen dituelako eta denboran irauten duten esperientzia partekatuak sortzen dituelako. Nork ez du kirolari esker lagun-kuadrilla bat?

Jarrai dezagun pertsonak konektatzen, aukerak sortzen eta komunitateak eraikitzen, pertsona bakoitza, dituen gaitasunak gorabehera, gure gizartearen orainaren eta etorkizunaren parte aktibo senti dadin.