Goiatz Urkijo Castañares, Euskaraldiko koordinatzailea, maiatzeko Begirada da, Euskaraldia hasteko egun gutxi falta direlako. Eta Oihana Laresgoiti Protagonista da. Usansolo bizi da eta euskararen alde beti lan egiten du. Ahobizi edo BelarriPrest? Zein rol aukeratuko duzu aurten?
Euskaraldia heldu da! Goiatz Urkijo Castañares eta Oihana Laresgoiti
Goiatz Urkijok azaltzen digu hiru edizio, zortzi urte, 400dik gora herri antolatzaile, 6.000 entitate parte hartzaile eta milaka ahobizi eta belarriprest geroago, Euskaraldia jendartean finkatu eta egonkortu dela esan dezakegula.
Oihana Laresgoitiri dagokionez, berak kontatzen digu Usansolok herri bezala biziko duen lehenbiziko Euskaraldiaren aurrean daudela. "Euskara taldean, argi dugu bertan parte hartu eta herri bezala izena eman beharra genuela, ondorioz, Usansoloko udalarekin harremanetan jarri ginen. Udalak Euskaraldian izen eman eta Euskara Taldeak Euskaraldiko herri mailako dinamizatzaile papera hartu du. Deialdi ireki baten bitartez Euskaraldiko batzordea eratu dugu herritar eta elkarte batzuetako ordezkariz osatua. Orduandik, Euskaraldiaren inguruan antolatuko diren emanaldi, jai egunak, hitzaldiak, komunikazio bideak eta ekintzak prestatzen dihardugu”.
Euskaraldiak hizkuntza-ohiturak aldatzen ditu
Euskaraldiaren hiru edizioen inguruan egin diren ikerketek argi erakutsi dute Euskal Herri osoan milaka eta milaka herritarrek beren hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararako jauzia eman dutela Euskaraldiari esker: familian, lagunartean, lantokietan nahiz ezezagunekiko harremanetan.
Euskarak nazio mailako ekimen masiboak behar ditu, denok batzen eta mugitzen gaituztenak. Baina horrekin batera, euskarak mugimendua behar du. Euskaraz hitz egin eta bizitzeko aukerak eta baldintzak biderkatzeko, bultzada herritar indartsu bat behar dugu, mugimendu indartsu bat.
Aktibazio horri erreferentzia egiten dio aurtengo maiatzaren 15etik 25era bitarte egingo dugun laugarren edizioaren leloak: elkar mugituz egingo dugu. Mugimenduari, emozioei eta batak bestearengan dugun eraginari egiten die erreferentzia. Izan ere, euskaraz hitz eginez, batak bestea mugitu egiten du, eta besteak bata, hizkuntza inertziak eraldatuz.
Beraz, lagunok, zer izango zarete zuek, ahobizi edo belarriprest? Erabaki duzue jada? Bada, eman izena www.euskaraldia.eus gunean sartuta, jaso txapa zuen herri edo entitatean, eta maiatzaren 15etik 25era txapa soinean gozatu Euskaraldia! Elkar mugituz egingo dugu, ezta?