2026. urtea, Garapen Jasangarrirako Boluntariotzaren Nazioarteko Urtea izendatua, ez da efemeride sinboliko bat soilik. Aukera estrategikoa da boluntariotzaren eta gure gizartean inplikatutako herritarren zeregina birplanteatzeko.
Gizarte-ekintzailetza lidergo-eskola gisa Lurralde-aukera bat Garapen Jasangarrirako Boluntariotzaren Nazioarteko Urtean
Beren dimentsio solidarioaz haratago, boluntariotza eta herritarren parte-hartzea azpiegitura zibiko bat dira, lidergoa eratzen duena, komunitateak indartzen dituena eta iraunkortasun demokratikoari modu erabakigarrian laguntzen diona.
Ikaskuntza-zerbitzuaren eta parte-hartze zibikoaren inguruko nazioarteko ebidentzia zientifikoa sendoa da. Hainbat analisik eta azterlanek erakusten dute boluntariotza-esperientzietan parte hartzen duten pertsonek autoeraginkortasun, agentzia-gaitasun eta ingurunearekiko konpromiso iraunkor handiagoak garatzen dituztela. Esperientzia horiek enpatia, gizarte-arazo konplexuak ulertzea eta askotariko pertsonekin lan egiteko gaitasuna errazten dute. Kontua ez da soilik gaitasun teknikoak eskuratzea; kontua da lidergo demokratikoari sakonki lotutako gaitasunak lantzea: erantzukizun partekatua, pentsamendu etikoa, lankidetza eta epe luzerako ikuspegia.
Gizartearen parte-hartzeak ez dio bakarrik ekintza solidarioa jasotzen duenari mesede egiten. Egiten duena ere eraldatzen du. Eta banakako eraldaketa horrek, lurralde batean modu hedatuan gertatzen denean, egiturazko ondorioak ditu.
Azterlanen arabera, nerabezaroan eta gaztaroan herritarrek parte hartzea ongizate-maila handiagoekin, gizarte-integrazio hobearekin eta helduaroko hezkuntza-ibilbide sendoagoekin lotuta dago. Baina inpaktua plano indibidualetik haratago doa. Boluntariotza komunitate batean ohiko jarduera gisa finkatzen denean, konfiantza-sareak hedatzen dira, deskonexio sozialaren arrakalak murrizten dira eta kultura demokratikoa indartzen da. Berrikuntza soziala errazago azaleratzen da herritartasun aktiboa eta artikulatua dagoenean.
Ildo horretan, boluntariotzaren eta proiektu altruisten aktibazioaren bidez lantzen den lidergoa ez da lidergo hierarkikoa, ezta kontzentratua ere. Lidergo banatua da: pertsona anitzek beren komunitateetan erantzukizunak hartzeko, ekimenak bultzatzeko eta konpromiso kolektiboei eusteko duten gaitasuna. Lidergo mota hori da, hain zuzen ere, trantsizio konplexuei aurre egiten dieten lurraldeek behar dutena: demografikoak, ekologikoak, digitalak eta ekonomikoak.
Bizkaia lurralde anitza eta dinamikoa da, tradizio asoziatibo sendoa du eta gizarte-, kultura- eta komunitate-erakundeen sare trinkoa. Enkarterritik Lea-Artibairaino, Bilbotik, Durangaldetik edo Busturialdetik igarota, boluntariotzak forma desberdinak hartzen ditu, baina funtzio komun bat betetzen du: herritarrak aktibatzea. Elkarte bakoitza, gazte-ekimen bakoitza, kultura- edo ingurumen-proiektu bakoitza lidergoren ikaskuntzarako espazio bat da.
Hala ere, ebidentzia argia da funtsezko alderdi batean ere: boluntariotzaren inpaktu eraldatzailea ez da automatikoa. Ez da nahikoa parte hartzea. Esperientzia hori lidergo-eskola gisa izan dadin, beharrezkoa da benetako erantzukizuna, hausnarketarako guneak, inplikatutako eragileen aniztasuna eta lankidetza puntualetik norberaren ekimenera aurrera egiteko aukera izatea. Ekosistemen diseinuan erabakitzen da inpaktuaren sakontasuna.
Lurralde batek eskolak, unibertsitateak, gizarte-erakundeak, enpresak eta administrazio publikoak partaidetza-ibilbideen inguruan antolatzen dituenean, boluntariotza ez da esperientzia isolatua, eta etengabeko prestakuntza-prozesu bihurtzen da. Horrela, benetako lidergo zibikoaren kultura eraikitzen da.
Garapen Jasangarrirako Boluntariotzaren Nazioarteko Urteak jauzi kualitatibo hori egitera gonbidatzen gaitu, hain zuzen ere. Parte hartzen dutenen lana ospatzeaz gain, boluntariotza Garapen Jasangarriko Helburuetan aurrera egiteko palanka estrategiko gisa aitortzea da kontua. Jasangarritasuna ez da ingurumen- edo ekonomia-kontua soilik; kultura zibikoaren eta gaitasun kolektiboaren kontua ere bada.
Herritarren aktibazioan inbertitzea lurralde-erresilientzian inbertitzea da. Kapital soziala indartzea, lidergo-aukerak zabaltzea eta kohesioa sortzea da, aldaketa bizkorreko testuinguru batean.
Horregatik, aktibazio hori benetakoa eta eraginkorra izan dadin lan egiten dugu BizkaiaGaran. Lidergo jasangarri bat izateko eta pertsonen eta erakundeen konpromisoa indartuko duen espazio bat izateko, gizartea goitik behera eraldatzen ari den testuinguru batean. Horrek guztia berriz pentsatzera gonbidatzen gaitu. Gure erantzukizuna da, bai eta gure eskubidea ere.
Johana Etxezarraga Aldamiz - BizkaiaGarako koordinatzailea
Boluntariotza korportatiboa interesatzen bazaizu, jar zaitezke harremanetan BizkaiaGararekin.