Ainhoa de la Hoz González

Gazteon ahotsa entzutea oso beharrezkoa da

Boluntarioa Alboan-en (Gazte Sarea)

Ainhoa de la Hoz Gonzalez Alboan

Gazte sareak eraikitzen

18 urte bete berri nituela Alboan Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeak Barranquillan, Kolonbian, burutu zen Gazte Kultura, Herritartasuna eta Bakea Nazioarteko Topaketan parte hartzeko aukera eman zidan. Hortik aurrera hasi zen nire bidaia boluntario gisa. 25 urte dituen eta Bilbon bizi den emakume euskalduna naiz. 16 urte nituela hasi nintzen boluntario lanetan Alboan-en baina, esan bezala, Hego Amerikan bizi izan nuen nazioarteko bestelako gazteekin burututako topaketa izan zen boluntario urteen hasiera. 

Esperientzia horren ostean, Alboan-eko Gazte Sarean egon naiz bere sorkuntzatik gaur egun arte. Gazte Sarea Alboan-ek dituen lau egoitzetan, nolabait, bestelako erakundeen bitartez, boluntario lanetara lotura duten gazteen taldea da. Dagoeneko 10 urte dira Gazte Sarea martxan dagoela eta bertatik herrialde, pentsamendu/ikuskera eta erlijio anitzetako gazteak pasa gara. Hori da, hain zuzen ere, taldea aberasten duen ezaugarririk esanguratsuena: kulturartekotasuna. 

Gazte Sarea-ren ikasturteko zereginetako bat kurtso amaiera aldera garatzen dugun Gazte Topaketak prestatzea da. Horretarako, formakuntza jasotzen dugu, gizartean parte hartzeko eta mobilizatzeko trebetasunak eta tresnak garatzen ditugu. Urtero gai desberdinak jartzen ditugu erdigunean; besteak beste, emakumeak migrazioan, gizarte eta ingurumen justizia, parte hartzea, hezkidetza, bizikidetza… Prestakuntza gune hori behin garatuta dugula, topaketa talde guztiaren artean prestatzen dugu. 

Nire boluntario esperientzian talde honek izugarrizko irakaspenak eskaini dizkit. Kultura, errealitate eta aukera oso desberdinetatik datozen pertsonekin elkarlana sortzea oso prozesu aberatsa da. Mundu globalaren errealitatea eta horrek gure tokiko errealitatearekin duen loturaz hausnartzeko espaziorik aproposena iruditzen zait. Taldea garatu ahala, ni pertsona gazte moduan ere hazten naiz. Formakuntza saioez gain, Gazte Sarea-k esperientzia berriak bizitzeko eta partekatzeko aukerak eman dizkit. 

Era berean, gazte izanda, bestelako gazte batzuekin sare guneak sortzea eta gizartea eraldatzeko konpromisoa partekatzen dugula ikusteak indarra eman dit horrelako espazioetan energiak jartzen jarraitzeko. Gazteon ahotsa entzutea oso beharrezkoa da. Benetako ahalduntze prozesuak diren, eragin politikoa duten eta parte hartze espazioak diren guneak eskaini behar zaizkigu. Gazteok egiten dugun sorkuntza kolektiboa oso aberatsa da.