"Bizkaia aktibatzeko galdera eta erantzunak" - Monike Gezuraga

Nola aktibatzen duzu Bizkaia zure sektoretik? Ez da erantzuteko galdera erraza; esango nuke EHUko Bilboko Hezkuntza Fakultatean hainbat modutara egiten saiatzen garela, beste gauza bat da zer neurritan lortzen dugun.

Monike Gezuraga

Unibertsitateak gutxienez hiru funtzio bete behar ditu: irakaskuntza, ikerketa eta transferentzia/hedapena. Nire lanak, unibertsitateko edozein irakaslerenak, horietan guztietan jardutea dakarrela alde batera utzita, esango nuke nire lursail txikitik horiei ekarpen aktiboa eta kritikoa egiten saiatzen naizela; horretarako, gizarte-premia eta giza-intereseko gaietara hurbiltzeko aukera ematen didaten estrategiak erabiltzen ditut, Bizkaian eta Bizkaiarekin ondasun komun baten alde hausnartzeko, jarduteko, ikertzeko eta komunikatzeko izan dezakedan erantzukizunari buruz hitz eginez; hori, esan bezala, EHUko irakasle eta ikertzaile gisa praktikan jartzen dut nire egunerokoan, eta Graduko eta Graduondoko ikasgaietan lan egiten dudan ikasleei ere transmititzen saiatzen naiz.

Nire lan egiteko moduan, beti saiatzen naiz aurrez aipatzen nituen funtzio horien arteko elkargunea ikusten. Hor, etengabe, galdera hauek egiten dizkiot neure buruari: zer eduki proposatzen ditut nire irakasgaietan?, ba al dute zentzurik egungo gizartean?, horren beharrei erantzuten al diete?, zein lan estrategia/metodologia proposatzen ditut ikasgelan eta ikasgelatik kanpo?, horiek ikasleak aktibatzen al dituzte?, ahalbidetzen al dute inguruko eragileekiko lankidetza? – Galdera hauek eta beste batzuk egiteak eta horiei erantzuteak etengabe berrikusten dit egiten dudan hori eta, batez ere, egiten dudan modua, deserosoa, astuna? Batzuetan, agian bai, baina erantzukizun-zentzu batengatik ez ezik, kostatu egiten zaidala esango nuke, asko kostatzen zait nire lanbide-jarduna beste era batera ulertzea. Gainera, zentzu honetan banago ingurune akademiko batean, fakultate batean, non ahalmen eta konpromiso handia dagoen.

Lehen, lan egiteko erabiltzen ditudan estrategia/metodologiei buruz hitz egin dut, eta horietako batzuk izendatuko ditut: irakaskuntzaren barruan, gizarte- eta hezkuntza-errealitatera hurbiltzen gara, hainbat kolektiboren eskutik. Erakunde horiekin lan-jardunaldiak partekatzen ditugu, eta bizipen-arloko metodologiak proposatzen ditugu (Oasis, 'Fotovoz', 'Teatros para la transformación'...), gure buruarekin eta interes komuneko gizarte-gaiekin konektatzeko aukera ematen digutenak. Bestalde, adierazi behar da hamar urte baino gehiago daramadala Ikaskuntza-Zerbitzu proiektuak kudeatzen irakasgaien eta Gradu Amaierako Lanen barruan, honi esker, ikasleek curriculum-gaitasunak gara ditzakete, gizarteko errealitate zehatzei erantzuteko erakundeekin lankidetzan arituz.

Ikerketaren barruan, azpimarratu behar da KideOn taldeko kide naizela. Ikerketa-talde kontsolidatua, gizarteratze prozesuen azterketan oinarritzen dena. Bertan, parte hartzen dudan proiektu askotan, ikerketa kritikoaren, parte-hartzailearen eta inklusiboaren planteamendua lantzen da. Honek, zalantzarik gabe, Hirugarren Sektoreko erakundeen eskutik lan egitera garamatza. Prozesu hauetan, ikasleek parte hartzen dute askotan, eta ikasleak ez ezik, inplikatutako komunitateak ere aktibatzen dira.

Hedapen/transferentziari dagokionez, funtzio hau berriz ere, ikasle, hirugarren sektoreko erakunde eta komunitate-kolektiboen eskutik garatzen dela azpimarratu behar da, nire irakaskuntza- eta ikerketa-nortasunarekin bat etorriz. Honen adibide argia da 'ODS Irratia' izeneko irrati komunitarioaren proiektuan parte hartu izana. Zerbikas Fundazioarekin eta Urtxintxa Eskolarekin prestakuntza eta sustapenean izaten dudan lankidetza ere azpimarratuko nuke.

Eta hasierako galderara itzuliz, hau al da Bizkaia aktibatzea?, neurri batean baietz esango nuke, saiatzen gara behintzat, saiatzen naiz, ilusioz jarraitzen dut lan-ildo honetan, ekarpenak egiteko eta ikasten jarraitzeko gogoz, beti. Mila esker hori posible egiten duzuen pertsona eta kolektibo guztiei.

Monike Gezuraga

EHUko Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakaslea eta ikertzailea