Gizarte oro funtsezko bi zutaberen gainean eraikitzen da: hezkuntza eta informazioa. Hobeto informatutako gizartea, gizarte libreagoa da. Horregatik, gure lurraldearen, Bizkaiaren, aktibazio soziala kazetaritza konprometitu eta zorrotz baten mende jarri behar da beti.
“Ondo informatuta, Bizkaia irabazle” – Xabier Madariaga Idirin

Sareak eskura ditugunez eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan, gaur inoiz baino informazio gehiago dugu. Baina bizkaitarrok ez gaude guk informazio ona jasotzea nahi ez dutenengandik salbu. Badira herritar informatuen ordez gure kontsumo-ohituren arabera ondo sailkatutako erabiltzaileak nahiago dituztenak. Horretan funtsatzen da, hain zuzen, kazetaritza independente eta zorrotza; izan ere, zerbitzu publiko izateko bokazioa inoiz galtzen ez duen kazetaritza hori da desinformaturik nahiago gaituztenei aurre egiteko tresnarik onena.
Informazio erabilgarria eskaintzea da komunikabideetatik jendearekin konektatzeko dugun modurik onena. Berriro ere argi ikusi dugu igaro behar izan ditugun ziurgabetasun handieneko aldietan. Entzuleek informazio hurbilena eta ziurtasun handienekoa bilatzen dute. Informazio hori herritarren eskubidea da, eta, beraz, ezin gara horrekin salerosian aritu, salgaia bada ez baita eskubide bat.
Albistegiek, egunkariek, aldizkariek edo podcastek gure lurraldearen historia idazten dute egunero, eta, idazten duten bitartean, nahi dugun Bizkaia eraikitzen laguntzen dute. Bizkaia askotarikoa eta solidarioa, pertsonak guztiaren erdian jartzen dituena; Bizkaia, etorkizunari begira, egin duen bidea ahaztu gabe; Bizkaia, bere kulturaz harro eta, aldi berean, munduari irekia; Bizkaia, bere nagusiekin erne eta gazteentzako aukerez betea. Balio horiek guztiak sustatu behar dira; erakundeetatik ez ezik, komunikabideetatik ere haiekin konprometitzeko betebeharra dugu.
Gainera, “egoismo” pixka bat ere badago horretan guztian, konprometitutako kazetaritzak oso alderdi atsegina baitu. Zure lanetik aniztasun soziala gerturatzen eta aurreiritziak hausten laguntzen ari zarela sentitzea oso baliagarria da. Ez dut inoiz ahaztuko adingabe transgeneroen errealitateari buruz egin genuen erreportajearen biharamuna. Goizean, ikusle batzuek eskerrak eman zizkiguten errealitate guztiz ezezagun bat erakutsi genielako, ordura arte drogekin eta prostituzioarekin lotzen zutena, baina gure txikientzat erronka handia izaten ari zena. Kazetaritza konprometitu eta arduratsu bati esker egin zuten aurkikuntza; kazetaritza horrek, zalantzarik gabe, gizarte hobea eraikitzen laguntzen du. Hori da defendatu beharreko kazetaritza, egitea merezi duena eta Bizkaia hobe baterako bidean lagunduko diguna.
Xabier Madariaga Idirin
Kazetaria