Un voluntariado que acerca a otras realidades y culturas
Soledad Calderon dut izena, eta boluntario lanetan hasi nintzen unibertsitatean nengoela, eta ordutik hona ez naiz gelditu. Urte hauetan, jarduera desberdin askotan aritu naiz boluntario.
Gehien markatu nautenetako bat, eta urte askoan parte hartu dudanetako bat, oso modu bizian, migratzaileekin izan da, batez ere Afrikako pertsonekin.
Nire ikasketekin lotutako lanak egiten nituen, bai aholkularitza juridikoko jardueretan, bai espetxean zeudenei egindako bisitetan. Une hartan, jarduera horiek nire garapen profesionalean lagundu zidaten ezagutza eta praktika batzuk eman zizkidaten, eta, aldi berean, baliagarri eta beharrezko sentitzen nintzen desabantaila soziala zuen kolektibo batentzat. Begiak ireki zitzaizkidan gizartean behartsuak eta baztertuak ziren atzerritarren egoera zailarekin.
Hemen zailtasunak zituzten beste kultura eta herrialde batzuetako pertsonekiko sintonia horretatik sortu zitzaidan beren jatorrizko herrialdeetako pertsonak eta proiektuak ezagutzeko eta haiei laguntzeko interesa. Horregatik, udan bi boluntariotza-esperientzia izan nituen Latinoamerikako bi herrialdetan. Hori oso esperientzia zirraragarria izan zen niretzat, eta konturatu nintzen behar duten laguntza ez dela proiektu batean aste batzuetan parte hartzea, baizik eta pertsonen ahalduntzean lagunduko duten epe luzeko proiektuak babestea eta mantentzea.
Bizitzako kasualitateengatik, egun batean Ghanara joan nintzen oporretan eta gaur nire senarra dena ezagutu nuen. Horrela, Afrikako errealitatea ezagutu nuen, eta hango hainbat proiektutan sartu nintzen, lehenik urrutitik eta gero zuzenean, han bi urtez bizi eta lan egin nuen eta.
Denbora igaro ondoren, Portugaleteko nire etxera itzuli nintzen, baina argi eta garbi neukan ez nuela jende eta lurralde haiengandik bereizi nahi. Aldi berean, pertsona pribilegiatua naizen aldetik, ahal nuen neurrian egoera hura hobetzen laguntzeko erantzukizuna sentitzen nuen.
Hori dela eta, "Sympathizers of Ghana" elkartea sortu genuen Bizkaian, Ghanako proiektuekin elkarlanean aritzeko; batez ere, haur/gazteen hezkuntza sustatzea interesatzen zitzaigun. Boluntariotza-jarduera horretatik gehien azpimarratuko nukeena da laguntza bera baino gehiago garrantzitsua dela Ghanako herritarren errealitatea eta premiak euskal herritarrei hurbiltzea, eta, ildo horretan, hemengo gazteak sentsibilizatzeko ahalegina egin dugu, hango gazteek hezkuntzara iritsi ahal izateko dituzten baldintzei buruz mintzatuz, eta mito eta aurreiritzi asko desmuntatuz.
Esperientzia asoziatibo horretatik honako hau ikasi dugu: eragin handiagoa izateko, proiektuak ahalik eta eragile gehien inplikatuz egin behar dira, bi herrialdeetakoak.
Eremu horretako boluntariotzari esker, nire pentsaera eta gizarte-errealitatearen aurrean jarduteko modua ez da lehengo bera, eta orain, herritar gisa nire ingurune hurbilean inplikazio handiagoa izaten dut, garapenerako lankidetzaren leitmotiv -a gauzatuz: Pentsa ezazu global, jardun tokiko.