Euskaratik Bizkaian eragiten

2023an, 4.192 ikaslek bisitatu zuten gure zentroa, eta elkarteekin eta bestelako taldeekin 929 pertsona etorri ziren. Horiekin batera, gure lurraldeko norbanakoak ere etortzen dira gurera, euskaraz gehiago jakin nahian.

Euskaratik Bizkaian eragiten

Iurdana Acasuso - Euskararen Etxeko zuzendaria

Euskararen Etxeko zuzendaria naizen aldetik, Bizkaiari bi mailatan eragiten diogu.

Batetik, Euskararen Etxeak Bizkaiko euskalgintzan diharduten eragileentzako bi zerbitzu eskaintzen ditu: Lantoki Kooperatiboa edo Coworking gunea eta espazioen lagapenerako zerbitzua.

Biak ala biak doako zerbitzuak dira, Bizkaiko euskalgintzan ari diren elkarte eta eragileen lana errazteko asmoz. Hala, Lantoki Kooperatiboan egun hamar eragile ari dira egunero lanean. Lantoki horretan parte hartu ahal izateko, Euskararen Etxeak deialdi publiko bat egiten du bi urterik behin, eta deialdi horretan jasotzen diren eskaeren arabera antolatzen da lanerako gunea.

Horrekin batera, espazioak uzten ditugu lan-batzarrak, aurkezpen-ekitaldiak, formazio-saioak edo bestelako jarduera publiko zein pribatuak egiteko. Zerbitzu hori Lantoki Kooperatiboko kide ez diren eragileek erabil dezakete, betiere, euskara helburu edo ardatz izanez gero. 2023an, 148 jarduera antolatu ziren debaldeko espazio horietan, eta guztira 2.098 lagunek parte hartu zuten jarduera horietan.

Bestetik, Bizkaiko gizartean eta bereziki, hezkuntza komunitatean eragiten dugu Euskararen Etxean kokatuta dagoen Euskararen Interpretazio Zentroaren bidez. Hezkuntzako komunitatea aipatu dut, ikastetxeak direlako zentrora gerturatzen diren bisitari nagusiak, eta horietako asko Bizkaiko ikastetxeak direlako, baina Bizkaiko gizarte-elkarteen saretik datozen bisita andana ere jasotzen dugu: nagusien elkarteak, gaitz zehatzak dituzten pertsonez osatutako elkarteak, eta abar.

Horiek horrela, 2023an, 4.192 ikaslek bisitatu zuten gure zentroa, eta elkarteekin eta bestelako taldeekin 929 pertsona etorri ziren. Horiekin batera, gure lurraldeko norbanakoak ere etortzen dira gurera, euskaraz gehiago jakin nahian.

Zentroko erakusketa berria da, 2022ko otsailean inauguratu genuen, eta euskara kanpotik barrura ezagutzeko aukera eskaintzen du, era jostalari, umoretsu eta irudimentsuan, baina baita modu zehatz eta zientifikoan ere. Bisita esperientzial eta ludiko batetik abiatuta, bisitariak euskararen izaera poliedrikoan murgiltzen dira.

Erakusketak hainbat atal ditu: Euskararen egunez eguneko egoeraz ohartarazten gaituen datu-basea; euskararen historia begiratua; euskal hitzekin jolasteko aukera. Transmisioa eta aniztasuna ezagutzeko ikus-entzunezko kanpaiak; etorkizunerako erronkak, euskal kulturaren aberastasun eta kalitatea. Halaber, euskara balore positiboei lotuta dagoenez, erakusketak ere horrelakoa izan nahi du, baikorra, abegikorra, zabala.

Amaitzeko, familiei zuzendutako programak ere baditugu, ume zein nagusiek euskaraz jolas dezaten modu kooperatiboan. Izan ere, familiako jolas kooperatiboaren alde egin dugu, parte-hartzaile guztien irudimena eta ahalmen sortzailea sustatzen direlako. Familia zein taldearen harremanak hobetu, gozatu eta konplizitatea bultzatzea ditugu helburu. Finean, euskararen balioa, errespetua, entzutea, elkarrizketa, sormena eta irudimena landu nahi ditugu.

Amaitzeko, adierazi nahiko nuke Euskararen Etxea gure lurraldera begira dagoen ekimena dela, betiere euskararen bizi-indarra erakusteko asmoz. Hori dela eta, Bilbo bezalako hiri handi baten mugak gainditzen dituzten proposamenak ere baditugu, zeintzuk Bizkaiko udalerrietara ere iristen ari diren ; hain zuzen ere, bi erakusketa ibiltari antolatu ditugu gure lurraldeko plaza guztietan erakusteko: Euskararen Etxea, plazara eta Liburuaren Arbola. Lehenengoa aurten inauguratu dugu, eta Euskararen Etxeko Interpretazio Zentroaren lagin bat da. Bigarrena, berriz, liburua bera zer den ulertu eta bere garrantzia azpimarratzeko egin da.

Agur esan baino lehen azpimarratuko nahiko nuke Euskararen Etxea proiektu irekia dela, eta, batez ere, Bizkaiari begira dagoena. Ondorioz, gure lurraldeko gizartean loratu daitezkeen ekimenek beti izango dituztela gure ateak zabalik, eta haien kezka entzuteko prest egongo garela, eta, agian, lankidetzaren bat ere gauzatu ahalko dela, betiere, euskaratik abiatuta.