"Kulturak pizten duen emozioa" - Jon Ruigomez Matxin

Emozioek oroitzapenak finkatzen dituzte, hortaz bizipen positibo bat intentsitate handiagoz agertzen zaigu. Eta esperientzia hori beste pertsona batzuekin partekatzen bada, efektu hori are handiagoa da. Horixe gertatu zait pertsonalki Itsasmuseum-eko zuzendaritzan daramadan urteetan. Garai horretan, erakusketa berriei lotutako oroitzapen onak, bisitatu gaituzten ontziak, zaharberritu ditugun piezak edo hartu ditugun hitzaldi magistralak pilatzen dira.

Baina emozio bereziz gogoratzen dudan zerbait baldin badago, museoko boluntarioek egin diguten ekarpena da, bai ezagutza mailan, bai giza mailan. Adin eta egoera guztietako pertsonak, beren denbora eta, batzuetan bizitza oso batean eskuratutako ezagutza eskuzabaltasunez partekatzen dutenak. Konpromiso eta dedikazio hori museotik eskertzen dugu, gure lanean ahalik eta arreta eta profesionaltasun handiena jarriz.

Pertsona horiek zahartze aktiboa aukeratzen duten erretiratuak dira; historiagatik, ondareagatik edo, besterik gabe, inguratzen dituen mundua ezagutu nahi duten ikasleak dira; itsasaldian ez daudenean, itsasoarekiko interesa lantzen jarraitu nahi duten nabigatzaileak dira, edo langabezia-garaian dauden eta kultura-proiektu bati lotzeko aprobetxatzen dituzten pertsonak, besteak beste. Azken batean, aniztasun aberasgarria museoarentzat eta komunitate txiki hori osatzen dutenentzat.

Gainera, Itsasmuseum-ek, Erain-en bitartez, erriberako arotzeriako bere tailerrean, Lanbide Heziketako zentro bateko ikasleek parte hartzen duten programa bat du. Zentro horrek lana bilatzera bideratutako ikastaroak eskaintzen ditu, batez ere gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden gazteei zuzenduak.

Azken batean, boluntarioak eta LHko ikasleak, museoko lantaldearekin eta beste eragile laguntzaile batzuekin batera, pertsonen komunitate askotarikoa, prestua eta eskuzabala osatzen dutenak, itsas ondarearen alde elkarlanean aritzen direnak eta hainbat elementu zaharberritzen dituztenak, bai benetako ontziak, bai itsas modeloak edo itsas ondareko beste pieza batzuk.

Komunitate horretan gazteen eta adinekoen arteko elkarrizketa sortzen da, hemen edo beste leku batzuetan jaiotakoen artekoa, aktiboak egon ala ez, eta belaunaldien arteko eta kulturen arteko elkarrizketa hori erabat aberasgarria da guztientzat. Adinekoei aukera ematen die hamarkadetan zehar metatutako ezagutza partekatzeko, eta baloratuak sentiarazten die. Gazteei ikasteko, erreferenteak izateko eta nonbaiteko kide sentitzeko aukera ematen die. Eta Itsasmuseum-i, bere ondarearen kontserbazioan eta itsas kulturaren hedapenean laguntzeaz gain, giza berotasuna ematen dio, komunitatearekiko hurbiltasuna, egunaren amaieran etxera eramaten dena, bere oroitzapenetan emozioz finkatuz.

Jon Ruigomez Matxin

Itsasmuseum Bilbao -ko Zuzendaria