Santurtziko gazteak elkarlanean aritu dira belaunaldien eta kulturen arteko aisialdirako gazte-gune bat sortzeko

Ideia Santurtzin BizkaiaGara -ren, Udalaren eta udalerriko bi ikastetxeren eskutik egin den Zentroen arteko I. Ekintzaren emaitza da: San Jose de Carmelitas eta Calasanz.

Santurtziko gazteak elkarlanean aritu dira belaunaldien eta kulturen arteko aisialdirako gazte-gune bat sortzeko

Santurtziko gazteak elkarlanean aritu dira belaunaldien eta kulturen arteko aisialdirako gazte-gune bat sortzeko. Santurtzin egin da BizkaiaGara-ren eskutik eta Udalarekin lankidetzan burutu den Zentroen arteko I. Ekintzaren baitan. Bertan, udalerriko bi ikastetxetako ikasleek parte hartu dute: San José de Carmelitas eta Calasanz. Esperientzia pilotu hau Begiraldatu -tik sortu da, 15 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako BizkaiaGara-k duen gizarte-partaidetzari, asoziazionismoari eta boluntariotzari buruzko gazteen sentsibilizaziorako programatik.

Proiektuaren helburuak dira, batetik, ikasleen errealitateak ezagutaraztea, loturak sendotzeko eta interkonexioak sustatzeko eta, bestetik, eskolaz haraindiko espazio bat sortzea, non ekintza bateratu bat eraikiko den, gazteek beren herrian parte har dezaten bultzatzeko eta mobilizatzeko, beste eragile eta/edo kolektibo batzuekin batera, eta Santurtziko ikasleak izango dira ekintza horren sustatzaile eta protagonista.

Santurtziko Kultura eta Euskara zinegotziak, Karmele Tubillak, prentsaurrekoan eskerrak eman nahi izan dizkie parte hartu duten bi ikastetxeetako ikasleei, programa honetan parte hartzeko erakutsi duten konpromisoagatik eta gogoagatik: "Duela urte batzuetatik hona Begiraldatu programan parte hartu dute eta badakit egindako lana oso positiboa izan dela. Lan parte-hartzailearekin gogotsu agertu zarete, gure gizartea eraldatzeko hori ezinbestekoa dela ulertuta. Izan ere, gure ingurua eta herria hobetzeko, zuek, Santurtziko gazteok, ezinbestekoak zarete". Gainera, horrelako ekintzak beharrezkoak direla azpimarratu nahi izan du. "Guztion artean, Santurtzi herri atseginagoa bihurtuko dugu".

Bestalde, Eider Cadierno Amat BizkaiaGara -ko proiektu teknikariak azaldu duenez, "proiektu pilotu aitzindari honek loturak sendotu eta interkonexioak sustatu nahi ditu, baita Santurtzin gazteen parte-hartzea bultzatu eta mobilizatuko duen ekintza bateratu bat eraikitzeko gune bat sortu ere. Proiektuaren helburua aliantza berriak sortzea da, beste kolektibo batzuei ikusgarritasuna emateko, hala nola, migratzaileei edo adineko pertsonei, Santurtziko bizikidetza aberastuz eta udalerriko eragile aktibo eta eraldatzaile bihurtuz. BizkaiaGara-tik ikasleak beren bizipenen bidez garrantzitsu eta ahaldundu sentitzea nahi dugu".

Zentroen arteko I. Ekintza urtarrilaren 27an amaituko da, ostirala, Gernika parkean, bi ikastetxeen eta parte hartzen duten elkarteen (Santurtzi Adeitsuak eta Baobat) arteko ekintza komun batekin. Azken ekintza honen helburua lanerako txoko batzuk sortzea da, aisialdirako gune horretan egin litekeenaren adierazgarri izango diren dinamika eta jarduera bateratuak egiteko. Ikasleen zati batek, egun horretan bertan, bertaratzen diren udalerriko pertsonekin manifestu bat banatzen eta partekatzen ere jardungo du, espazio horren aldarrikapena eta beharra jasotzen dituena.

Zenbait lan-saio

Ekintza hainbat saiotan garatu da. Saio horien helburu nagusia San Jose de Carmelitas ikastetxeko eta Begiraldatu programaren barruan dagoen Calasanz ikastetxeko ikasleen arteko talde-kohesioa sustatzea izan da. Lehenengo saioa 2022ko urriaren 18an egin zen. Bertan, bi ikastetxeetako ikasleen arteko talde-kohesioa sustatu zen, beren bizipenen bidez garrantzitsu senti zitezen. Gainera, Endika Lahaine raperoak dinamizatu zuen lehen saio hau.

Bigarren saioan, garatu beharreko ideia zein izango zen adostu eta erabaki zen. Bozkatutako ekintza Santurtzin gazteentzako aisialdirako gune bat sortzea izan zen, baina zehaztu zuten gune horrek ez zuela beraientzat bakarrik izan behar, mundu osoarentzat baizik. Zehazki, adinekoen kolektiboarentzat, belaunaldien arteko espazioa sortzeko, bai eta migratuentzat ere, kulturartekotasuna sustatzeko.

Hirugarren eta laugarren saioetan, ikasleek erabaki zuten udalerriko bi taldek ekintza bateratu horretan parte hartzea, eta Santurtzi Adeitsuak eta Baobat Elkartea gonbidatu zituzten parte hartzera. Haiekin aritu ziren egun osoan, ekintza definitzen amaitzeko.

Gazteen parte-hartzea

Ikastetxeen ekintzari dagokionez, Calasanz ikastetxeko June izeneko ikasleak, azaldu duenez, “ikasle guztien artean puntu komun batera iristea lortu dugu talde-kohesioari esker. Bertan ideia interesgarri asko atera dira eta ez ditugu ahaztu beste kolektibo batzuk, hala nola pertsona nagusiak eta pertsona migratzaileak. Gainera, interes eta behar komun asko ditugula konturatu gara, eta hori ere ikaskuntza bat izan da. Izan ere, gure azken asmoa aisialdiko gune bat eskatzea izan da, hainbat jarduera egin ahal izateko, eta jarduera horiek, gainera, udalerriari ekarpenak egiteko, gure inguruko kultura- eta gizarte-aniztasuna eta ingurumena zaintzearen garrantzia kontuan hartuta”.

Bestalde, Julenek, San José de Carmelitas eskolako ikasleak, gaineratu duenez, “prozesu hori guztia ikusgai egongo da urtarrilaren 27an, Gernika parkean egongo baikara balizko aisialdirako gune horretan egin litezkeen jardueretako batzuk simulatzen. Asko gustatu zaigu batzuetan falta zaigun protagonismoa eman izana, eta gazteen irudi positiboa agertzea. Zer esan handia dugu eta gure ideiak entzun izana urrats garrantzitsua da”.

Zentroen arteko I Ekintzaren inguruko informazio gehiago